Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Ezkerra eta Ukraina

2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Duela urte batzuk, Alain Finkielkrautek ezin hobeto deskribatu zuen, À la première personne liburuan, Europako ezker jakin baten jokabidea: ezker horrek ezinikusia omen die «egitate sailkaezinei», haren hitzetan esanda. Finkielkrautek esplikatu zuen badela ezker alfer bat, eta hura existitzeko arrazoiak ere azaldu zituen. Ezker alfer bat, intelektualki lan handirik egiten ez duena, alegia. Ezker bat bere ohiko bizimoduko eta bere ohiko mundu ikuskeraren marko mentalean sartzen ez den zerbait gertatzen den aldiro besterik gabe ukatu egiten duena. Ukatu, gainera, inkoherentzia ezinago nabarmenak erakusteraino, eta, maiz, baita arrazoi morala galtzeraino ere.

Horixe gertatzen ari da oraintxe Ukrainako gerrarekin. Zinez harrigarria da ikustea nola Europako ezker jakin bat topikorik zaharrenetan gerizatzen ari den Ukrainako herriaren alde ez jartzeko. Gerra Hotzeko aspaldiko liskarrez baliatzen ari dira, Errusia oraindik ere SESB balitz bezala, eta NATO ere lehengo berbera. Horrez gainera, nazi etiketarekin ere jolasean ari dira, modu arriskutsuan, zer-eta herrialde bat izendatzeko, Ukraina, zeinari oraintxe eraso egiten ari baitzaio botere inperialista bat, inolako justifikaziorik gabe.

Erosotasun intelektuala, konfort intelektuala, arriskutsua da beti. Baina jarrera hori—eta hau neure iritzia da, ez besterik— bereziki mespretxagarria da beren burua ezkertiartzat daukaten eta izendatzen dutenengan, eta halakotzat daukat nik neure burua, bai eta, segur aski, gure egunkarien irakurle askok ere, Maria eta Martxelo.

Izan ginena, sinetsi genuena edo gure mundua izan zena auzitan jartzera ez ausartzea jarrera guztiz kontserbadorea da; baita oso erosoa ere, baiki, baina inondik ere ez iraultzailea. Gizarte batzuk iraultzaileak eta herrizaleak izan ziren sorreran, baina hainbesteraino urrundu ziren errealitatetik, ezen baliagarri izateari utzi baitzioten beren herritarrei gutxieneko duintasun bat emateko, eta horrexegatik hil ziren, hain justu etiketetan eta esloganetan oinarrituta jokatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.