Pastor
Darwin eta gu

Ezkerra ez da ‘izquierda’

2026ko irailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Postetxera joan da pakete zertifikatu bat bidaltzera. Hartzailearen datuak idatzita eraman ditu, badaezpada ere. Bulegoko emakumeak papera hartu eta dena kopiatu du. Gero, hark ipini duena zuzen dagoen egiaztatzeko esan dio herritarrari. «Ondo dago?». «Ez». Harritu da andrea. «Zer, ba?». «3.a, ezkerra ipini dizut eta hemen 3, izquierda idatzi duzu». «Igual dio», erantzun du emakumeak, gogogabe. «Igual, igual... ez dakit, ba. Paketea Azkoitira doa, ez Jerezera», gizonaren arrapostua. «Bale, bale». Eta zuzendu egin du.

Gurea bai marka. Gipuzkoatik Gipuzkoara pakete bat bidaltzeko helbidea euskaraz idazten duzu hitzez hitz eta postetxean aldatu egiten dizute. «Igual dio». Igual badio, zergatik aldatu duzu? Zergatik ez duzu bere horretan utzi? Ez, ez dio igual. Izquierda ezkerretik dator, baina ezkerra ez da izquierda. Aldaketak balio sinboliko handia du. Paketea Toledora bidaliz gero, Antolín Martínez izeneko batentzat, arazorik ez. Azentu-marka eta guzti idatziko zuen andreak. Hartzaileak euskal izen-abizenak baditu, orduan komeriak. Eman ahoz Ioritz Gabikagogeaskoa delako baten datuak postetxe batean. Bilbon edo Donostian, ez Avilan. Zer ez dute idatziko! Joritz Gavicagogueascoa, Ioritz Gabicagogueascoa, Yoritz Gavikagogueaskoa... eta, bitartean, bere artean purrustaka hango langilea —aborigen hauek ez dute izen-abizen ulergarriagorik?—.

Gipuzkoatik Gipuzkoara pakete bat bidaltzeko helbidea hitzez hitz idazten duzu euskaraz eta postetxean aldatu egiten dizute

Postetxeko emakumeak hitz batzuk besterik ez du ulertzen euskaraz, ezkerra izquierda bihurtzeko beste. Txikikeria dela esango dute. Txikikeria da, bai, baina hizkuntza nagusiaren jabeen nagusikeria argi azaltzen duena. Postetxeko langile euskaldun batek Azkoitira igorri behar duten pakete batean izquierda ikusi eta ez du ezkerra idatziko. Ez du calle-ren ordez kalea ipiniko. Xehetasun txikiek egiten dute aldea.

PISAren emaitzen berri izan dugu. Ez dira pozgarriak izan. Kritikak hedabide unionisten erabiltzaileen artean: euskarak eragin omen du porrota. Hezkuntzatik lan arlora igaro dira mezu euskarafoboak: «Euskaraz ez badakizu, ezin duzu inon lanik egin»; «gure andrea atzerritarra da eta flipatuta dago hemen arlo guztietan euskara inposatzen ari delako». Inposatu? Arlo guztietan? Zer errealitatetan bizi da zure andrea? Zer psikotropiko gosaltzen du?

Egunero erdaraz egiteko eskatzen diguten bakoitzean esaldi bat idatzi beharko bagenu poltsikoko koaderno batean, astebete eskasean beteko genituzke orri guztiak. Jasoko duzun esaldi gozoena «en castellano, porfa» izango da —asteartean garraio enpresa bateko leihatilan esana—. Pertsona hori ez da ohartzen egunero dozenaka laguni hizkuntza aldarazi egiten diela? Igual dio. Postetxeko andreari bezalaxe. Lagun batek bere iritzia eman dit auziari buruz: «Hala betetzen zaigu pazientziaren tankea. Eta gero, ba, tanke moduan oldartzen gara. Ulertzen ez duenak bizi dezala egun bat gure ondoan».

Euskaraz bizi? Euskaraz bizitzen utzi? Azken hatsa ematen ere ez! Duela urte batzuk gertatua: lagun baten aita hil eta koroa bat enkargatzera joan dira mutilaren kuadrillakoak. Loreetan zure semearen lagunak jartzeko esan diote dendako arduradunari. Biharamunean, hileta baino ordubete arinago agertu dira koroa jasotzera. Ekarri die gizonak. «Hementxe duzue. Hizki bat erori da, baina tira. Hizki bat da, besterik ez», esan du, patxadatsu bezain soraio. Hizki bat erori? Zein ote? Begiratu dute eta... esea falta da. Eliza aurrera joan eta ezkutuka sartu dute koroa beste loreen artean, motroiloan, alargunak-eta testuaren okerra irakur ez dezaten.

Hizki bat besterik ez. Bost pito axola hari. Euskararik ez haren munduan. Ez zukeen berdin erreakzionatuko koroa batean bere dendako langile batek, psikotropikoak gosalduta, las amigas de tu hija testuan h kendu eta p jarri balu. Euskaraz, berriz, arazorik ez. Ezkerra, izquierda? Igual dio. Semea, emea? Berdin. Kontuz, baina. Hija eta pija ez nahasi! Hor igual dio-k ez du balio. Baldin eta alaba benetako pija ez bada, noski.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA