Fotosintesia dugu Lurreko bizitzaren oinarrietako bat. Eguzki argia, CO2a eta ura behar dira prozesu hori gerta dadin. Hiru elementu ez-organiko horietatik egun, geure artean bederen, ura dugu preziatuen eta uraren kulturan puntako aditua zintugun, Fito. Alta, ura ez zen ezinbesteko fitosintesia gerta zedin.
Garai batean ia astero elkartzen ginen. Solasaldian duela berrogei bat urte gertaturikoak etaikusten ari ginena sarri alderatzen genituen, eta zenbait kontu ia ez zirela ezertan aldatu frogaturik ere, aitzina segitzeko erakusten zenuen kemena eredugarria zitzaidan. Egun ere halaxe iruditzen zait. Baikorra zinen, Fito, eta aldi berean pragmatikoa. Hori bai, oroz gain bizizalea.
Bai, Fito, zure edalontzia erdi betea baino gehiago, usu ertzeraino zen beterik, enpo kartoletaraino, eta ez zen preseski ura edalontziaren barnean zena. Tarte horietan, ia beti, fitosintesia gertatzen zen eta prozesu horrek anitzetan zoriona zekarren. Maiz irriz ajataka amaitzen genuen. Munduko tokirik ederrena mahaiaren bueltan.
Le bonheur est simple: ibai nagi bat, euria erasoka gozo-gozo eta xakur bat saingaka zure bidera. Arkanbele kanta hori Mikel Tabernari ebatsi diot, hori ere zoriona delakoan. Poeman aipatu elementuetarik niri bederen euria falta izan zait azken asteotan, eta pasa den larunbatetik zu ere ments, Fito.
Agorraldian gaituzu uda honetan Hiri Buruzagian. Euria iragarri dute hurrengo asterako. Euritan blaitzeko esperantzaz nauzu, Arga, Ega edota Urederra aitzinean eta edalontzia enpo eskuan, etorkizunean ere fitosintesia gerta dadin.
ELE
Fitosintesia eta zoriona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu