Handik eta hemendik

Gau luzeko bidaia

Imanol Murua Uria.
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Antton Troitiñok kartzelan 24 urte bakarrik egin dituelako Espainiako hainbat hedabidek eta PPk eskandalu politikoa eragin duten astean, Robert McBride hegoafrikarra Euskal Herrian izan da, Joseph Doherty irlandarrarekin batera, presoek gatazken konponbideetan izan dezaketen eginkizunari buruz gogoeta egiten laguntzeko. Pertsona ezaguna da McBride Hegoafrikan, Nelson Mandela presidente egin zutenetik hainbat ardura izan baititu Adminstrazioan.

Baina ezagunagoa izan zen 80ko hamarkadaren bukaeran. Apartheid-aren aldeko prentsak Bomber McBride goitizena jarri zion, Umkontho we Sizwe erakunde armatuko komandante zelarik 1986ko ekainean Durbaneko Magoo's ostatuaren aurkako atentatua egin zuen taldeko burua zelako: Hegoafrikako Poliziako kide askoren topaleku omen zelako zartarazi zuen bonba ANCren adar armatuak, baina hiru zibil zituzten, hiru emakume zuri, eta 64 lagun zauritu. Atxilotu, eta heriotza zigorra ezarri zioten, baina apartheid-aren azken urteotako negoziazioen baitan barkatu zioten zigorra. Egiaren eta Adiskidetzaren Batzordearen aurrean bere egia aitortu zuen 1999ko udazkenean: atentatu hura zer testuingurutan eta zergatik egin zuen azaldu zuen, eragindako minagatik barkamena eskatu zuen, baina ez zuen Umkontho we Sizweko kide gisa egindakoengatik damurik agertu. Magoo's tabernako atentatuko biktimen senideek haserrea adierazi zuten McBridek damurik agertu ez zuelako, eta, horregatik, amnistia ukatzeko eskatu zioten Egiaren eta Adiskidetzearen Batzordeari. Baina Batzordeak, Desmond Tutu buru zela, amnistia eman egin zion, baldintza ez baitzen damua, egia aitortzea baizik.

Dokumental gomendagarri baten protagonistetako bat da McBride. Long Night's Journey into Day (Iris Films, 2000): alegia, gau luzeko bidaia egunerantz. Hegoafrikako trantsizioan giltzarri izan zen Egiaren eta Adiskidetzearen Batzordeari buruzko filma da. McBrideren istorioaz gain, beste hiru istorio ere biltzen ditu, gordintasunez. Bat: 1985ko gau batez, Hegoafrikako Poliziako zerbitzu berezietako kide batzuek autoz bilera batetik zetozen lau lagun geldiarazi zituzten errepide galdu batean, eta, apartheid-aren aurkako militante politikoak zirela bazekitelako, batzuk tiroka eta besteak kolpeka, hil egin zituzten; gero, gorpuak erre. Bi: 1986ko martxoan, apartheid-aren aurkako zazpi militante beltz hil zituzten tiroka Hegoafrikako Poliziaren unitate berezi bateko kideek, aurrez prestatutako erasoan; bertsio ofizialean, kontraerasoa izan zela azaldu zuten. Hiru: 1993ko abuztuan, apartheid-aren bukaerako aro gatazkatsuan, lau gazte beltz hegoafrikarrek 26 urteko zuri estatubatuarra hil zuten, labankadaka, afrikaner hegoafrikarra zelakoan.

Hilketen erantzuleek Egiaren eta Adiskidetzearen Batzordearen aurrean nork bere egia nola azaldu zuen kontatzen du filmak, eta biktimen senideek zer une zail bizi izan zituzten eta nola erreakzionatu zuten ere bai. Erantzuleetako batzuek damua agertu zuten, eta beste batzuek ez; biktimetako batzuk amnistia ematearen aurka gogor borrokatu ziren, eta beste batzuk, barkabera agertu ziren. Gatazka batek uzten dituen zauriei aterabidea emateak dituen zailtasunei buruzko filma da, irtenbide perfekturik ez dagoela erakusten duena; txanponak bi alde dituela, eta biak hartu behar direla kontuan.

Jakina, urruti dago Hegoafrika. 8.800 kilometrora-edo, Euskal Herritik. Eta are urrutiago sumatzen da, Espainiako prentsa eskuindarrenaren kanpainari erreparatuz gero. Joxemari Sagarduirekin ez dute espantu handirik atera: 31 urte egin ditu espetxean, Nelson Mandelak baino hiru gehiago, eta nahikoa da nonbait. Troitiñorekin, ordea, De Juanarekin bezala jokatuko dutela erakutsi dute: ez dutela etsiko, alegia, berriro espetxean ikusi arte. 22 hilketa leporatuta zigortu zuten Troitiño, eta ulergarria da 22 hildakoen senideen mina eta amorrazioa. Baina haren askapenaren aurka indarrean den kanpaina beste egur bateko ezpala da. ETAren indarkeriaren aroari behin betiko amaiera emateko ezinbestean bideratu beharrekoa den presoen auziari irtenbidea emateak izango dituen zailtasun politikoen neurria ematen du.

Espainiako telebista guztietan eman beharko lukete Long Night's Journey into Day.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.