andoni egana
PLAZATIK

Gerra eta kartzela

2015eko azaroaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Semeak gerrara ez joatearren geratu zela mutilzahar bota zuen behin Txirritak. Ateraldia ateraldi, gizon haren azti senak ematen dit atentzioa. Lurpean sartuagatik bere aipamenak izango zirela beste laurogei urtean ere bota baitzuen. Eta batean zein bestean ez zebilen oker. Datorren ekainean beteko dira laurogei urte hil zela eta ahotan darabilgu, hizketagai batzuk, hizketamodu geureganatua besteok. Gerrarenean ere susmoa harturik ibiliko zen. 1936ko San Sebastian bezperan botatakoa da mutilzaharraren bertsoa. Handik zazpi hilabetera piztu zen Gerra Zibila. Hilabete t'erdi zeraman Txirritak lurpean. Laurogei urtean gogora genezan gutxixeago falta zitzaion.

Ez zen bakarra, ordea, 1936ko negu hartan gerra ba ote zetorren susmoa zuena. Gaitzat jarri zieten bertsolariei gerra, historiako bigarren txapela jokoan zutela. Ordukoa da bertso sonatua. Eta gaur egun harrigarri badirudi ere, bertsolariak elkarren segidan ipini eta gai berari erantzuten zioten garai hartan. Lehenengoak denbora gutxiago izaten zuen bigarrenak baino bertsoa pentsatu, tolestatu eta botatzeko. Hirugarrenak abantaila zuen, denboraz behintzat, bigarrenarekiko eta horrela, saileko azkenengora arte. Lehenengoak minutu erdira iristen ez zen tartea izango zuen, eta sailean zortzi edo hamargarren zegoenak sei-zazpi minutukoa. Ez dirudi sistemarik juxtuena, lehia orotan baldintzen berdintasuna baita joko-arauei zentzua ematen diena. Bordari-ri otu zitzaion aukerak nola berdindu. Hirurogeiko hamarraldian berriz ere Txapelketa Nagusiei heldu zitzaienean, oso bestela antolatu zituzten bakarkako lanak. Txomin Artolaren aita zenak, Bordari-k, bertsolari bat kantuan ari zela besteek gaia entzun ez zezaten eta denbora abantailarik izan ez zedin, kartzela moduko batera eramatea proposatu zuen. Ordudanik hala burutu izan dira ariketak, eta kartzelako lana usadio bihurtu da. Txirritak zer botako zukeen gerrari buruz orduan kartzelarik izan balitz? Auskalo. Handiagoa igual.

Gerra eta kartzela, kartzela eta gerra. Ostiraleko BERRIAren azaleko bi albiste nagusiak. «Estrasburgok Bateragune auziaz ebazterako kalean izango da Otegi». (Argazkirik gabe, jakina, kartzela ez baita nahieran ibiltzeko lekua) eta «Estatu Islamikoari aurre egiteko helburuan bat egin dute Hollandek eta Putinek, Moskun egin duten bileran». (Argazkiarekin, noski, hautesgai eta ikusgarritasun sinonimo bilakatu baitira). Parisko atentatuek aski elikagai eman diete hedabideei. Siriara begira, eta Siriara baino ez, jarri dira agintari, armada, hedabide gehienak eta herritarretan asko. Hollande jaunak gerra hitza jaurti zuen une beretik egonezina sortu zitzaigun, besteak beste ez genekielako gerra horren partaide baginen edo ez, edo gerra urrutietan burutuko den zerbait den edo etxe atariraino iritsiko zaiguna. Gerrak eta gerra usainak jan du oro. Itsas zabal horretan euskal presoen egoeraren afera ttantta ñimiño bilakatzeraino. Hedabide gutxiren batzuk aintzat eta gogoan dute, are gehiago Arnaldo Otegiren kasuan, bidegabekeriaren eta pertsonaiaren handiagatik saihetsezin bihurtzen baita kontua, baina oro har, badut susmoa ertzeko bihurtu ote den guneko behar zuena. Senide, lagun eta hurbilekoenek eusten diete eskaera eta kale-adierazpenei baina jendartearentzat gerra da berria eta presoena zaharra. Eta berrizale da ezer baino gehiago egungo jendartea. Presoen egoerari dagokionez zaharrak berri izatea baino ez zuten nahi gobernuek, eta orain buruhauste handiagoak dituzten arrazoia urratsik ez egiteko aitzakia primerakoa izango dute. Gerra erabat «ikusten» da eta presorik ez da «ikusten», pankartaren bat, argazkiren batzuk edo elkarretaratzeren bat ez bada.

Ikusgarritasun horretan erantzukizunik badugula sinetsita, mutilzahar edo neskazahar atzenduta, egunen batean beste Txirritaren batek bota beharko du aita edo ama ez zuela izan nahi izan, seme-alabak kartzelara ez joategatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.