andoni egana
Plazatik

Geurea

2014ko otsailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badut adiskide bat hizpide politikoak erabakitze eskubideranzko aldaroa hartzen duenean sudurra muzintzen duena. Mesfidati azaltzen da beti. Ez da inondik ere fio inork inorekin ezer adosteko duen gaitasunaz. Madrilek edo Parisek eta guk ezer adostea ezinezkoa iruditzen zaio. Eta ezinezko geure arteko adostasuna ere gaiak ertz bat baino gehiago baditu. Ez du etorkizunean itxaropen izugarririk. Eta adibide bat ipintzen du, beti bera, bere uzkurtasunaren oinarri. «Motel, motel! Nola erabakiko diagu ba, onean-onean hainbesteko pisuzko ezer, etxepe batean igogailua jarri edo ez jartzearen kontua eztabaida sutsu eta luzerik gabe inon konpontzen ez bada!».

Arrazoia eman beste irtenbiderik ez da geratzen hain argudio bitxiaren aurrean. Egia da akaso giza-emakumeok geurea edo geuretzat daukaguna defendatzera jotzen dugula suhar eta bizimoduaren zailtasunek geuretxoari egoskor eusteko joera areagotzen digutela. Alegia, handienetik hasi eta ahulenean amaitu, bakoitzak badituela bere interesak eta interes horiei nola edo hala bide eman nahi izaten diegula. Baina bi zertzelada behintzat derrigorrezko zaizkit arestian onartutakoaren gainean: batetik, batzuen interesak eta besteonak ez direla sekula berak eta berdinak, nahiz eta propagandaren bidez handikiek lortzen duten ez direnak ere geure interestzat har ditzagun. Eta, bestetik, giza-emakumeon geurezko joerarik makurrenei aurre egiteko tresnak direla legeak, ahal delarik norbere zilbor-begirada baino ikusmira luzeagoa eskaini behar luketenak.

Igogailua jartzean etxepeko bakoitzak bere interesei eusten dien suhartasunez eusten diote orain herritar askok mugaz harunzkaldetik datozenak herrikidetzat onartzeari. Hutsa mapak marrazteko orduan herritar horien iritzia aintzat hartu izan balute! Gaitz erdi interes errealen bat balute muga horiei tinko eusteko! Hutsaren hurrenak ere gai gara, ordea, beste hutsaren hurren batzuk ez onartzeko, handikien diskurtsoa guztiz barneratuta. «Gure seme-alaben ogia kentzera datoz», esango dizute batzuek. «Guk ere badugu nahikoa buruhauste», beste batzuek. Sineskorrenek, berriz, «lanaren aitzakian euren erlijioa zabaltzera zatozak horiek». Ez dira asmatuak, neure belarriz entzunak baizik.

Gero gertatzen dira Melillakoak bezalakoak. «Gure» polizia tiroka, «gure» ogiaren defentsan eta «gure» Jainkorik uki ez dezaten. Eta izenik gabeko gorpuak uretan igeri. Mingarri gertatzen zaigu, baina ez hain harrigarri tamalez.

Edo Suitzatik datozkigu harrigarriagoak zaizkigun berriak. Herri-galdeketan gainerako europarrak bertara nolanahi sar ez daitezenaren aldeko hautuak irabazi du, gutxigatik bada ere. Suitzan pertsonek ez dute sarrera librea izango, azaleratu den joera lege bihurtzen badute. Hori bai: sosak libre izango du bidea, eta nahi hainbat eraman ahal izango dute, daukatenek, begi bistan edo ezkutuka.

Edozein aitzakiari heldu eta nork berea sutsu defendatze horrek epe laburrera etekin politiko mamitsuak ematen ditu nonbait. Eta politika gerturako antiparrak jantzita dabil joan den aspaldian. Baina luzera kalte ere egiten duela esango nuke. Gogoan dut duela hogeita gutxi urte Gasteizen gertatua. Lehortea izan zuen abiapuntu. Behar hainbat euririk ez zuen egin asteetan, eta udalak etxeetarako ur-isuria murriztu beharra izan zuen. Eguneko ordu batzuetan iturrian ura eskas, herritarrak sutan zebiltzan. Eta izan zen haserrealdia baliatu zuenik. Haserrealdia, eta duguntxoari eusteko dugun joera humanoa. Gasteiz eta Arabako ur-biltegietako ura Bilbora eramaten zelako omen zebiltzan herritarrak ur eskasian. Etxekoak behar zuela kanpokoak baino lehen aldarrikatu zuten ozen. Eta bestelako programa politiko landurik gabe, gauetik goizera, sekulako boto sorta lortu zuten. Handik urte gutxira, ordea, urak ekarritakoak haizeak eraman zituen. Segur aski hain tonto-tuntunak ere ez garelako. Nahiz eta etxepean igogailua jarri edo ez jarri eztabaidan beti katigatuko garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.