Duela egun batzuk goraino betetako estadio batean egon nintzen. Bi orduz, mikrofonoa pertsona bakarrak eraman arren, aho batez abestu genuen 8.500 lagunek.
Abestu genuen nerabezaroko egun, diru-zorro eta botila hutsen inguruan, gurasoek oinordetzan eman dizkiguten traumen inguruan, guk ondorengoei utziko diegunaren inguruan. Maitasun —eta obulazio— sentsazioak bereizi ezin izatearen inguruan, haurdunaldi testak egitearen inguruan, zahartzearen inguruan. Norbere isla ez ikusteko ispiluak estali behar izatearen inguruan, egun batzuetan emakumea eta beste batzuetan gizona izatearen inguruan. Abestu genuen anestesiez eta gure gorputzeko zelula oro pizten duten sentipenez. Guztiok ukitu gaituzten esperientziez eta gutxi batzuk baino zeharkatu ez dituztenez. Abestu genuen Palestinako banderako koloreen pean.
Pertsona bakarrak zeraman mikroa, baina, izan aretoaren akustika bereziki ona zelako edo jendea inoiz baino erneago zegoelako, kontzertua benetan parte hartzailea izan zen: koruei publikoak lagundu zien, abeslaria isiltzean haiek osatzen zituzten bertso lerroak, eta, mikrotik berbetan hasi edo galderaren bat bota zuenean, ongi etorri, ilusio edo desadostasun oihuak jaso zituen bueltan. Normalean entzule direnek doinuaren parte izateko halako gogoa zeukaten, ze, baxu elektrikoak eta ahotsak gidatutako baladaren hasieran ere, erritmoari segika txalo egiten hasi baitziren. Azken hori apur bat lekuz kanpo egonagatik, irribarrea atera zidan: polita iritzi nion asmoari. Ordurako txera hartua nien inguruko 8.499 lagunei; edo, hobeto esanda, denon artean osatu genuen batasun hari.
Ezin egokiagoa iruditu zitzaidan erantzun hura «behar duzuna salbatzaile bat bada, ez naiz ni izango» kantatu zuen artistaren aurrean. Izan ere, kontzertu-formatu konbentzionalak berak garamatza oholtzan dagoenari balio jainkotiarrak esleitzera: harengan dago begirada oro, hark du hitza, eta baita nortasuna ere, hartzaileak masan difuminatzen diren bitartean. Kasu honetan, ordea, publikoaren erantzunak hartu zuen presentziak —artistak berak hainbat aldiz aipatu zuen, egiazki, zeinen harrigarria ari zen izaten— eta kontzertu amaieran abeslaria oholtzatik jende artera jaitsi izanak, besteak beste, bestelako izaera eman zioten kontzertuari: hura guri luzatzen ari zitzaigun, eta gu laudatzen ari ginen eskaintza izan beharrean, hurbilago zegoen denon artean sortzen ari ginen zerbait izatetik. Harenaz gain, beste milaka ahotan sortu ziren hitzak eta doinuak. Harenarekin batera. Eta, artistarekiko miresmenaz harago, harekin eta inguruan geneukan jende guztiarekin lotzen gintuzten hariak gogoan kantatu genuela esango nuke: lotzen gaituzten beldur, zalantza eta ilusioak, sentitu eta sentiarazi ditugun minak, egin ditugun akatsak eta une ederrak gogoan. Haren hitzak ekartzean, norberarenaz ari zen gutako bakoitza, edo guk geuk bizi ez arren ondokoak zeharkatzen zituztenak jasotzen. Koru berberean abestean, kolektiboari eskaini genizkion geure bizipenak.
Ez dut momentua neurriz kanpo erromantizatuko: badakit guztiz desberdinak direla estadioan batu ginenon 8.500 bizi baldintzak, eta, une hartan toki berean egon arren, ez ditugula leku eta hitz berberak habitatzen, keinu eta behar diferenteek mugiarazten gaituztela. Egongo zen han elkarrizketa bakarra aski zukeenik ni gorrotatzeko, eta baita nik gorrotatuko nukeenik ere. Areto barruan guztiok ez geunden maila berean, eta, batez ere, bada etortzerik izan ez zuenik. Hala ere, ez dut uste giroak hori estali zuenik, ezpada, banatzen gaituenaz harago, batu gaitzakeenari begiratzeko gonbita egin.
Asko kritikatzen dugu makroa, baina makroa egiteko moduak eta moduak daude. Makroa diru iturri huts eta xaloa izan daiteke, edo pertsona bakarraren edo gutxi batzuen egoa goratzeko antzerki apaindua. Baina makroa izan daiteke lagungarria edo, are, baita beharrezkoa ere. Ohikoan txikitu edo ikusezintzen den kultura elikatzen duenean, kasu, edo helburu eta sentipen kolektiboak jartzen dituenean erdigunean.
Hain desberdinak ote gara, hitz, melodia, dantza, irudi edo forma berberek hunkitzen bagaituzte? Galdera hori zetorkidan burura kontzertuan zehar. Hori mahai gainean jar dezake hainbat lagun kultur adierazpen beraren bueltan batzeak; eta horrek izan behar luke, nik uste, sorkuntzaren zentzuetako bat, behintzat. Sortzailearen eskutik abiatuagatik, askoren bizipenak gordetzea, partekatzen duguna noraino heltzen den azaleratzeko. Artefaktuok sortzen dituzten kolektiboak zabalagoak edo murritzagoak izan, une batez bada ere, hainbat lagunek gorputz bakarrean egingo dute dantza. Eta, garai hau definitzen duen indibidualtasun basatia kontuan izanda, ez da gutxi.
«Zaindu elkar» izan zen kontzertuari amaiera emateko abeslariak baliatu zituen azken berbak, eta uste dut esperientziak eragin zuena laburtzeko modu biribila dela. Izan ere, une hartan, zin egingo nuke bazela han geundenok eta, are, askoz jende gehiagok ere osatutako gu bat; elkar babestuko zuen gu bat, edozer emango lukeena guztiontzako mundu hobe bat eraikitzeko.