Parranda askapena da. Da egun argiz atzetik jarraika ditugun betebeharrak kabitzen ez diren tokia. Gorputza eguneroko keinu automatizatuetatik harago mugitu ahal izatea. Parranda da begiak itxi eta musikak zeharka zaitzan uztea. Edo ezohiko hizkerak topatzea egunero ikusten dituzun lagunekin komunikatzeko. Ezezagunekiko elkarrizketa amaigabe eta korapilatu eta dibertigarriak izatea, eta, amaierarako, hamaika txantxa pribatu partekatzea, berriz topo egingo ote duzuen jakin gabe.
Parranda da neurriak malgutzen diren espazioa —onerako eta txarrerako—, mugikorra begiratzeaz akordatu ez zaren ordu bete, bizitza une eta toki horretan gertatzen ari den sentsazioa. Ez bihar, ez atzo. Orain. Parranda da orainean pausatzea.
Horrek guztiak drogen erabilerarekin lotura arriskutsua du askorentzat, baina ez du zertan hala izan: hainbat modutan bizi daitezke gaua eta festa. Bagara batzuk drogei uko egin eta gozatzen jarraitzen dugunok. Eta, bestalde, aipatutakoak beste modu batzuetan ere lor daitezke; bakoitzak baditu bere bideak. Baina, parrandak gure gizartean daukan pisua ikusita, esango nuke, adin-tarte batzuetan batez ere, halako espazioetan bilatzen dugula askapena gehienok.
Joan den zapatuan ohiko diskoteka batera atera banintz, litekeena da 12 eurotik gora ordaindu behar izana tokian egoteko eskubide hutsagatik. Horren ordez, gaztetxean eman nuen gaua, eta afaltzeko jan nuen ogitartekoak balio zituen 6 euroak gastatu nituen guztira. Oro har, nire juerga-aurrekontua ez da askoz gehiago igotzen; beste norabait joan behar badut, bidaia-gastuak gehituko zaizkio, ur-txorrotarik ez duen txosna ganorabakoren batean ordaindutako botilak, edo, tarteka, sarreraren baten prezioa. Kontu korronteak aukera ematen didanean eta gau horretako ekimenak merezi duela irizten diodanean, baliteke kamisetaren bat erostea, edo rifa batzuk, edo borondate-kutxan zeozer sartzea. Baina, hori egiterik ez dudanetan ere, espazioaz gozatzeko aukera badut.

Zorionez, Euskal Herrian ez da gaitza aisialdirako toki autogestionatuak topatzea; are gehiago euskal komunitatea mugitzen den inguruei begiratzen badiegu. Baina, dena garestitzen ari den eta egiten dugun oro merkantilizatzera bultzatu nahi gaituzten garaiotan, gero eta ohikoagoa da halakoei prezioa jartzea –edonork ordain ezin dezakeen prezioa, batzuetan, eta baita ekimenaren logikak merkatuarenari kontra egin nahi omen dionean ere—.
Inguru politizatuetan egiten direnak elkartasun-ekimenak dira askotan, hau da, borroka jakinak edo kolektibo zaurgarriak babesteko dirua biltzea dute helburu. Horrek justifika dezake, neurri batera arte. Baina, beste askotan legez, ekimenen helburua kultura, politizazioa eta espazio alternatiboen existentzia bultzatzea denean, zelan azal daiteke askori ordaingaitza zaion prezioa ezartzea? Beste logika batean oinarritutako espazioak eskaini nahi ditugu, baina nori zaio eskuragarria eskaintza hori? Eta non uzten du horrek pankartetan aldarrikatzen dugun subertsioa?
Argi dago edozer antolatzeak dakarrela sostengatu beharreko gastua, eta ez nago espazio autogestionatuetan ari diren eragileak gehiago prekarizatzearen alde, inondik inora ere. Edonola, ez al dago horri aurre egiteko beste modurik?
Beste logika batean oinarritutako espazioak eskaini nahi ditugu, baina nori zaio eskuragarria eskaintza hori? Eta non uzten du horrek pankartetan aldarrikatzen dugun subertsioa?
Parranda-ekimenetan edarien kontsumoak ekarri ohi du irabazirik handiena. Datuek diotenez, baina, gero eta gutxiago edaten dugu gazteok; arriskuen gaineko kontzientzia zabalduago dagoelako, baina baita dakarren gastua dela eta. Bada, nahiz eta, orain arte, autogestioa edarien salmentan sostengatu dugun hein handi batean, horrek hala izaten segi dezan bilatu behar dugu zinez?
Bada dirua lortzeko beste biderik: kamisetak, pinak edo rifak saltzea, donazio-kutxak eta bazkidetzak ezartzea, afaria edo bazkaria eskaintzea... Beharbada, baita sarrera kobratzea ere; baina bakoitzak erabaki dezan zenbat ordain dezakeen eta zenbat ordaindu nahi duen, adibidez, inor ez dadin kanpoan geratu.
Izan ere, ez da gauza bera kamiseta bati edo sarrera bati uko egitean galtzen duguna: kamiseta ahal duenak ordainduko du, eta, ezin duenaren kasuan, nekez izango du haren ongizatean aparteko inpakturik (kamisetak ekoizteak dakartzan eragin natural zein sozioekonomikoei buruzko hausnarketa, beste egun baterako). Aisialdi-ekimen bat ordaindu ezin izateak, berriz, asteko estresa ahazteko topatuko duzun arnasgune bakanetakoa galtzea ekar dezake. Babestuko zaituen jendearekin espazioa partekatzeko aukerari uko egitea. Ez baita gauza bera toki batean edo bestean ateratzea: asko gara gure herriko taberna ohikoetan tokirik ez dugunok. Eta horrek, segurua eta norbere neurrikoa den sozializazio- eta aisialdi-espazioak izateak edo ez, gure esku dagoen gauza gutxik bezala marka dezake norbaiten ongizatea.
Hamaika ertz eta irtenbide argi gutxi dauzkate kontuok, eta diruari buruzko eztabaidak deserosoak dira maiz. Baina horiek mahai-gaineratzea ere badakar logika merkantilistari ihes egiteak. Espazio antikapitalistek ezin baitituzte batzuk kanpoan utzi haien ahalmen ekonomikoa dela eta. Bestela, beharbada ez dira hain antikapitalistak ere.