Ia hiru urte egin ditut hemen, iritziak ematen. Komatxo askoren arteko iritziak. Izan ere, atzera begira, esango nuke nire susmo lotsatiak etor zitezkeen kritika-modu guztietatik salbatu guran eman dudala denbora gehiena. Estres- eta tentsio-faltarik ez.
Askotan, ezinegona sortzen didaten gaien inguruan pentsatzen hasi, eta neure buruaren kontrako argudioen pisuak gaina hartu izan die konbikzioei, halako moduz non, amaierarako, nekez iruditzen zitzaidan ezeren inguruko iritzirik neukanik ere. Nire testuak irakurri dituzuen gehienok konturatuko zineten, seguruenik, askotan ez naizela gai izan erorikoari buelta emateko. Irakurri ez dituzuenok, berriz, hona nire hutsegiteetan artxiboan murgiltzeko ez-gonbita.
Iritzi gehienak beldurrez eman ditut—eta ematen ditut, eman ohi ditut. Argitasun-faltaren eragina izango da, edo konfiantza-faltarena. Inposatutako feminitateari egotz diezaiokegu, edo nire sozializazioaren beste alderdiren bati, autoestimuari edo gaitasun (falta) objektiboari. Pentsatzen dut, beldur gutxiago banu, konfiantza handiagoa nukeela, eta konfiantza falta zaidalako hartzen didala gaina beldurrak. Beldur barik argiago ikusiko nituzke gauzak, seguruenik. Baina, bizi izan dudanez, beldurrak desager daitezen zain egotea baino eraginkorragoa da beldur eta guzti egiteko kuraia biltzea. Hala ibili ohi naiz ni, nabilenetan: nekez beldur barik.
Erreferenteak babesgune inportantea dira, ikasketarako bidea. Ez zait arazotsua iruditzen ez-dakit-nork egingo lukeen bezala idazten saiatzea. Are, interesgarria iruditzen zait. Batez ere ez-dakit-nor idazle ona denean. Eta, paperetik harago ere, ez-dakit-nork egingo lukeen moduan berba egitea, ez-dakit-nori keinua kopiatzea, zergatik ez. Oharkabean egiten dugu, eta nahita egitea ere bada zilegi: imitazioz ikasten ditugu bizitzako gauza oinarrizkoenetakoak. Inguruan izan ditugunei ostutako adabakien mantu asimetrikoa da gutako bakoitza. Kurtsia da, baina ederra ere bai.
Arazoa, beharbada, geure burua mugatzen dugunean hasten da, pentsatzen dugulako ez-dakit-nork ez lukeela hau edo bestea egingo. Edo, den-dena moda estetiko bilakatzen den garaiotan, korronte batean kabitzeko teman geure burua galtzen dugunean. Izan ere, gutako bakoitzak zerbait badu munduari emateko, esango nuke bereizten gaituenean datzala. Ez indibidualki bereziak garelako edo halako zerbait, baizik eta, zinez, gutako bakoitza delako leku-denbora-baldintza jakin batzuen konbinaketa zehatza, eta interesgarriena hortik aritzea delako. Norberarenetik.
Gaur egunetik soilik erantzun dakioke mundu honi. Bada, erantzun diezaiogun. Iragana erreferentziatzat hartuta, baina gaurkoan eta, batez ere, biharkoa izan daitekeenean sinistuta, zerbait aldatuko badugu
Era berean, gaur egun, edozeren inguruan eman dezakegu iritzia eta, are, askotan, eman behar dugula dirudi. Eguneko gaiak karta-joko baten abiaduran aldatzen dira, eta iritzia titularretik abiatuta sortu ohi dugu eta gero, si eso, informazioa bilatu. Gauzak horrela, berba egitea eta isiltzea eskatzen duten aldiak bereiztea ere bada norberarenetik aritzea. Gauden tokitik nekez ezagutuko baititugu munduan ematen ari diren gatazka, gertakari eta testuinguru guztiak. Eta, dena txatalka, collage erraldoi batean jasotzen dugunez, askotan hala joaten baitzaigu informazio gehien: testuinguruarekin batera. Baina testuingurua ezagutzeak titularra irakurtzea baino gehiago eskatzen du, denbora gehiago. Eta gutxitan dugu halakorik. Ezinezkoa da denari buruz nahi beste jakitera heltzea—baina, hain zuzen, horregatik, jasotzen dugun informazioari buruzko hautu kontzienteak egitea ere bada burujabe izateko modu bat.
Babelgo bibliotekak inoiz existi litezkeen liburu guztiak gordetzen ei zituen: inoiz eman litezkeen hizki-konbinaketa posible guztiak, inoiz esan litekeen oro. Eta, nahiz eta Borgesen ipuina espekulaziotik jaio zen, orain eta hemen ere, batzuek gustuko dute esatea: dena esanda dago. Esanez bezala, iraganean dago baliozkoa den dena, biharkoan ez da ezer berririk, ez ezer argitsurik. Eta ulertzen dut hori pentsatzea, bizi dugun testuinguru sozioekonomiko, politiko eta ekologikoa kontuan izanda. Baina, hain zuzen, oker edo hobe, gaur duguna, testuinguru, koiuntura eta konbinazio jakin hau... Hau ez da inoiz izan lehenago. Gaur egunetik soilik erantzun dakioke mundu honi. Bada, erantzun diezaiogun. Iragana erreferentziatzat hartuta, baina gaurkoan eta, batez ere, biharkoa izan daitekeenean sinistuta, zerbait aldatuko badugu. Entzun, esan eta posizionatu. Beldur eta guzti, horrek dakarren arduraz; zalantza eta guzti, horrek dakarren ikasteko tarteaz. Aditzea eta adieraztea baitira edozein elkartasun eraikitzeko lehenengo pausoa. Norberarenetik, norbere txikitasun ezinbestekotik, kolektiboan pentsatzeko, kolektiboarentzako. Bestela, zer daukagu?
Ni neu, oraingoz, aldendu egingo naiz, estresak estres, hainbeste poz eta ikasgai eman dizkidan talaia honetatik. Esker onez BERRIAri, Dom-i eta irakurri nauzuen guztioi, eta beste plazaren batean topatuko garelakoan; beste formaren batean bada ere, zerbait esan nahian, iritzi eta ideia xumeetatik abiatuta, zerbait eraikitzeko.