Umetan uste nuen helduarora heltzean ez niola inori azalpenik eman beharko eta nire liburu gustukoena Harry Potter eta herioaren erlikiak izango zela beti. Urte batzuk beranduago, nerabetan, irakurtzea gustuko zuen edonork fidatzekoa izan behar zuela sinetsi nuen. Horrez gain, duela urte pare batera arte gogotik defendatzen nuen adin desberdintasunak ez zuela zertan eraginik izan harreman interpertsonaletan.
Iritzi kontziente edo inkontzienteak ziren, eta ez dut azalduko nola, baina, urteak joan ahala, denak eraitsi ditut neurriren batean. Batzuen arrastoak aldean daramatzat oraindik, eta beste batzuen baitan ehun eta laurogei graduko bira egin dut.
Oro har, ez dut beldurrik izaten iritzia emateko —lehen orain baino askoz gutxiago, eta hemen ari naiz artikulu hau idazten, beraz, pentsa—. 13 urterekin eskolako eztabaidetan neurriz kanpo hitz egiteko eta Twitterren asteko drama iturriaren inguruan ikuspegi zehatz eta zorrotza azaltzeko ohitura zeukatenetakoa nintzen. Har txiki batek hozka egiten dit oraindik burutik pasatzen zaidanean inor akorda litekeela ikasgelan azaldu nuen ideiaren batez. Twitterren, berriz, imajinatu hori guztiori nire izenean egin izan banu eta ez modu anonimoan.
Ez dut uste inork gordeko duenik gogoan duela hamar urteko Leireren iritzi politiko mioperik. Interneten, berriz, desberdina da: ia edonoren izena Googlen tekleatu eta haren iragan kirolariko fitxa edo agerraldi publikoren bateko irudiak topatuko ditugu, sare sozialetan partekatutako edukiez gain. Jende gehienari ez dio buruhauste handiegirik eragingo arrisku horrek: gu ez gara celebrity-ak; inork ez ditu gure txio problematikoak berreskuratuko gu kantzelatzeko. Baina fenomeno hori existitzea bera joera orokorrago baten adierazle izan daiteke.
Sarean gordetzen diren gure txatalak ez dira ideia landuak izaten maiz, hala ere: haien logikak berak behartzen gaitu gauzak ahalik eta gehien laburtzera, ahalik eta azkarren erantzutera. Batzuetan guk erabaki barik ere amaitzen dugu bertan. Bestalde, aurrez aurrekoan ere gertatzen da: zenbat aldiz esan duzu zerbait, eta, etxera bidean, kontuari buelta pare bat eman ostean, adierazitakoarekin guztiz ados ez zaudela ohartu? Beharbada hizketagaiak aztoratu zaitu eta ez duzu lortu buruan zeneukanari hitz egokiak jartzea, edo iritzia ematera behartua sentitu zara eta ez duzu izan pentsatzeko tarterik. Agian gehienok ez diogu behar besteko balioa ematen esan nahi duguna argi ez dugunean beste barik isilik geratzeko aukerari.
Bada beti konfiantza osoz hitz egiten duenik, aurretik esan behar duen hitz oro ondo neurtu duelako, igual. Nik neuk, berriz, nahi baino gehiagotan egin dut berba horretarako paradarik hartu gabe, eta, atzera begiratuta, inoiz egin ditudan adierazpen gehienak aldatuko nituzke gaur egun, apur bat bada ere. Lehen aipatutakoagatik, edo, beste barik, iritziz aldatu dudalako. Hori ere gertatu zait, bizitzako arlo gehienetan, neurri batean behintzat. Ez dakit une oro hitz irmo eta zehatzez mintzatzen direnek ere gauza bera esango luketen, edo inoiz esan duten oro defendatzeko prest egongo ote diren beti. Edonola ere, nik neuk ikasketarekin lotzen dut iritzi aldaketa. Askotan, goitik beherako transformazioak izan beharrean, garapenak izango dira, ñabardurak. Eta, beste batzuetan, baita transformazioak ere. Zergatik ez? Bizitzari interesa ematen dioten gauzetako bat ez al da oraindik ere eraldatuko gaituzten gauzak ezagutuko ditugulako ilusioa?
Horregatik nahi nuke iraganeko nire iritziekin harreman hobea izan. Nahi nuke aipatu 13 urte nitueneko nire txioren bat eta barre egin. Baina baita ere duela bi urte neukan ikuspegia azaldu eta gaur egun zalantza sortzen didaten alderdiak eztabaidatu, beldur barik. Lo lasai egin, jakin arren badagoela gaur egun gogotik kritikatuko nukeen artikulu bat baino gehiago nire izenean argitaratuta. Hartxoa desagerrarazi. Ordea, esango nuke aukera gutxi dugula iritzi aldaketak adierazteko, eta, gainera, lotsarako motibo balira bezala hartzen ditugula maizenik; baita ñabardura eta hausnarketa eskatzen duten kontuekin ere. Barkamen eske aritzeko motibo al da beti ikuspegiz aldatu izana? Eta, norbaitek noizbait egindakoa mahai gainean jartzean, bilatzen duguna elkarrizketari bide ematea da, edo pertsona hori etiketatu eta egurtzea, beste barik?
Txikitan uste nuen beste gauza bat da heltzeak gauzak argi izatea ekarriko zuela. Orain adinez nagusia naiz eta azal diezazuket faktura bat zelan egin, baina gero eta gauza gutxiagoren inguruan daukat goiburu batean laburtzeko moduko iritzirik. Uste dut heltzea lotuta dagoela erantzukizuna hartzearekin. Baita gure aspaldiko ekintzen inguruan ere —horiek defendatzeko eta, tokatzen denean, baita kritikoak izateko ere; baina geure burua martirizatu barik—. Batzuetan nahikoa izan daiteke analisia egin eta ginen horri barre egin ahal izatea. Zintzotasunez eta zorroztasunez, baina baita, ahal dela, eskuzabaltasunez eta goxotasunez ere. Hazteko bidea eman diezaiegun, bai besteei, bai geure buruari.