H.k marketin-agentzia batean egiten du lan. Eguna Tiktoken ematen duen lankide bat dauka. Kontatu digunez, duela hilabete batzuk arroz saldatsua jan zuten bulegoan ospakizun bat dela eta, eta Tiktokerrak bideoa partekatu zuen, agentziaren kontu ofizialetik, «lankideak paella prestatu digu» moduko zerbait esanez.
Minutua igaro orduko hasi ei ziren iruzkin gartsuak heltzen. «Baina zelan deituko diozue paella horri», «hori desohorea», «arroza eta gauzak baino ez dira eta», eta abar, eta abar.
Argi dago akats handia dela plater nazional maitatu baten izenez deitzea antzekoa baina desberdina den jaki bati. Edonola ere... hori ez zen akatsa izan. Hizketagaia ateratzean, itua bete-betean jo zuela esan zuen bideogileak. Izan ere, jendeari argitalpena hel ziezaion zen asmoa, eta erantzunak jaso zitzan. Enpresaren kontuak eman zezan zeresana, edozelakoa zela ere. Eta lortu zuen, noski.
Hori da Interneten edukia sortzen duten erabiltzaile asko azkenaldian erabiltzen ari diren estrategia: rage baiting-a, haserrean bazkatzea. Oinarrian, ikusleen amorrua piztea bilatzen duten bideo, argazki edo mezuak argitaratzen dituzte, jendeak iruzkinak utz diezazkien edo lagunei bidal diezaien argitaratutakoa. Berdin du erantzunok kritika eta irainezkoak izatea. Funtzionatzen du zabalkunderako. Azkar detektatu dute mintzen edo haserretzen gaituenak harrapatzen gaituela, suminez ernatzen gaituenak garamatzala edukia jasotzen jarraitu nahi izatera, emozio argitsu eta, askotan, bareagoek baino gehiago. Eta, zelan ez, kontsumitzaile kopurua handitzeko erabiltzen hasi dira joera hau ere, berdin enpresak zein edukia sortzen duten norbanakoak.
Ez dut uste haserrea emozio negatiboa denik nahitaez. Seguruenik beharrezkoa izango da, gainontzeko emozioak diren moduan, egoera jakin batzuei erantzuteko. Jakiteko zerk egiten digun on eta zerk ez. Edo injustiziak identifikatu eta haien aurrean ekitea erabakitzeko. Interneteko eztabaida gartsu gehienek, ordea, paella ez zen paellarenak legez, ez dute inoren bizi-kalitatea ezbaian jartzen. Norbaitek kafetera prestatzerakoan kafe-hautsa zapaltzen duelako haserretzen da iruzkin-sekzioetako jendea, edo ez duelako zapaltzen. Edo pop kulturaz ari den aldizkari batek pop abeslari bati esleitu diolako inoizko konpositore onenaren titulua, eta ez Bob Dylani. Iritzi edo ohitura soilak dira, baina jendeak haien ongizateari eraso egiten dioten mezu zapaltzaileak balira bezala hartzen ditu, eta neurrian erantzuten.

Hor bihurtzen da haserretzeko erraztasun hau arazo. Batetik, norbere ongizateari zuzenean eragiten diolako amorrua halako maiztasunez sentitzeak: ikerketek erakusten dute antsietatera eta depresiora eraman dezakeela, eta baita gaitz fisikoetara ere. Eta, bestetik, litekeena delako, amorruaren amorruz, intoleranteago bilakatzen aritzea. Izan ere, hainbesteko aldea al dago norbaitek gauzak desberdin egiten dituelako sutzearen eta gureen modukoak ez diren ohitura, kultura edo pentsaerak dituztenei bereizkeriaz begiratzearen artean? Desberdinak ez du nahitaez kontrakoa edo mehatxua esan nahi—nahiz eta faxismoak behin eta berriz erabili desberdinkeria arerio komunak sortu eta taldetasuna indartzeko. Horregatik da, hain zuzen, hain garrantzitsua bata eta bestea bereizteko gai izan gaitezen.
Erraza da gauzak desberdin egiten dituena kritikatuz norberarena erreafirmatzea—baina non geratzen da, orduan, besteengandik ikasiz geurea garatu eta hobetzeko aukera? Kritika amorratuari ekin aurretik, galdetzen al diogu geure buruari egoerak horretarako aukera ematen ote duen? Agian ez duzu inoiz pentsatuko Lana Del Rey denik inoiz egon den konpositorerik onena, baina hurbilago egongo zara ulertzetik zergatik funtzionatzen duen haren lanak. Eta, era berean, halako kontu azalekoen aurrean haserre ematen badugu eguna, zer energia geratuko zaigu benetan eragin beharko liguketen gertakarien aurrean ezer egiteko? Izan ere, haserre gaitezke enpresa batek arroz saldatsuari paella deitu diolako, baina amorragarriagoa iruditzen zait enpresa hori eta beste asko gugan erreakzio hori sortuz aberasten ikustea, gure osasunean daukan eraginarekiko erreparo barik, arreta deitu eta kontsumitzaileak irabazteko. Edo gure izaeraren ertz oro elementu estetiko eta beraz erosgarri bilakatzea. Edo beste mila fenomeno politiko eta sozial. Baina, haserrea gero eta hurbilago izatera eraman nahi gaituzten honetan, gai al gara bereizteko zerk merezi duen eta zerk ez? Haserrean kateatzen gara, edo gai gara hark ematen digun bulkada mugitzera, ekitera, zeozer eraikitzera bideratzeko?
Haserreak parez pare, bi aldetan kokatzen bagaitu, kontuz erabaki dezagun zeren kontra egiteko erabili nahi dugun gure indarra. Eta ez gaitezen alternatibak sortzeko indarra gordetzeaz ahaztu.