1. Izan ere, azaldu zizutenez, men egin behar zenien aginduei. Izan ere, jaka zuriak azaldu zizunez, men egin behar zenien aginduei. Izan ere, jaka zuriaren ahotsak azaldu zizunez, men egin behar zenien aginduei. Izan ere, gizonezko ahots zuriak azaldu zizunez, men egin behar zenien aginduei. Izan ere, laborategiko testuinguruak azaldu zizunez, men egin behar zenien aginduei. Izan ere, argi fluoreszenteek azaldu zizutenez, men egin behar zenien aginduei. Izan ere, dorredun unibertsitateak azaldu zizunez, men egin behar zenien aginduei.
2. Izan ere, 1962a zen, Adolf Eichmannen epaiketaren ostetxoan. Izan ere, galdera honakoa zen: «Nola da posible gizakiek halako gauzak egitea elkarri?» Izan ere, Holokaustoa ulertzeko gizadiaren arima ulertu beharra dago. Ez duzu ulertu behar arimaren hizkera baizik eta haren jokaera. Izan ere, Stanley Milgramen Yaleko laborategian memoria aztertzeko esperimentuan parte hartzea onartu zenuen. Izan ere, zigorraren eta memoriaren arteko lotura aztertzeko esperimentuan parte hartzea onartu zenuen. Izan ere, memoria-esperimentua ez zen memoria-esperimentua baizik eta obedientzia-esperimentua—(ez zizuten azaldu). Izan ere, Stanley Milgramek Holokaustoa ulertu nahi zuen. Izan ere, Stanley Milgram Holokaustoan hilko zatekeen bere senide juduak bezala Europan jaio balitz, beraz, Stanley Milgramek Holokaustoa ulertu nahi zuen zientzialari batek uler dezakeen modu bakarrean, hots, esperimentazioaren bidez. Esperimentuaren irismena ezagutzen ez zuen subjektuaren gain egindako esperimentuaren bidez. Esperimentuaren subjektua, hain zuzen, bera zela ez zekien subjektuaren gain egindako esperimentuaren bidez. Izan ere, azaldu zizutenez, zuk irakasle-papera hartuko zenuen esperimentuan. Izan ere, azaldu zizutenez, irakasleak men egin behar die jasotako aginduei. Izan ere, azaldu zizutenez, irakasleak ikaslea zigortu behar du hura erratzen denean. Izan ere, azaldu zizutenez, zigorrik bada norbaitek izan behar du zigortua. Izan ere, azaldu zizutenez, zigorrik bada norbaitek zigortu behar du. Izan ere, ikaslea beste gela batean zegoen, eta ezin zenuen haren aurpegia ikusi deskargak ematen zenizkionean. (Egia da, entzun zenitzakeen haren garrasiak. Baina ezin aurpegirik ikusi). (Ezin bada ikusi aurpegirik, ba al da biktimarik?). (Ez baduzu ezagutzen izenik, ba al da biktimarik?). (Ezin bazaizu errurik egotzi, izan daiteke zure errua?). Izan ere, hasierako tentsioa arina zen: hamabost volt. Izan ere, gutxika joan zen igotzen tentsioa: berrogei volt, hirurogeita hamar volt… Izan ere, atsegina emateko gogoz. Izan ere, ondo. Izan ere, obeditu. Izan ere, lau dolar orduko. Berrehun eta hogei volt, hirurehun volt... Izan ere, azaldu zizutenez, amaieraraino jarraitu behar zenuen. Izan ere, azaldu zizutenez, ez zitzaizun errurik egotziko. Izan ere, larritasunaz izerditan hasi zinen eta, hala ere —obeditu egin zenuen. Izan ere, urduritasunaz barrez hasi zinen eta, hala ere —obeditu egin zenuen. Jarraitu aginduei, amaieraraino segi, errurik ez —obeditu egin zenuen. Laurehun eta hirurogeita hamabost volt.
3. Izan ere, garunaren sakonean, zaharren kantua. Jarraitu gure aginduei. Jarraitu gure aginduei. Jarraitu gure aginduei. Izan ere, garunaren sakonean, zaharrek ez dute errukirik. Jarraitu gure aginduei. Jarraitu gure aginduei. Jarraitu gure aginduei. Izan ere, garunaren sakonean, arimarik ez ez bada ahotan sartutako errekarriak. Jarraitu gure aginduei. Jarraitu gure aginduei. Jarraitu gure aginduei. Izan ere, Holokaustoa ez litzateke posible aginduei jarraitu gabe. Izan ere, Holokaustoa ez litzateke posible amaieraraino segitu gabe. Izan ere, Holokaustoa ez litzateke posible zu gabe.
Berrogeita hamar urtez esperimentu zitala bizi eta berriz bizi zure bizitzaren aurrietan. Berrogeita hamar urtez loezin gogora ekarri nolakoa zen isiltasuna laurehun eta hirurogeita hamabost volt eman ostean... Berrogeita hamar urte lotsa, gizaki bat hil zenuen. Aginduei jarraika, amaierara arte. Osteko txostenak ez zuen laztura arindu —Gizaki bat hil.
Azkenean azaldu zizutelako esperimentuaren protokoloa. Zer paper izan zenuen, konturatu barik. Egin zenituenak, konturatu barik. Ez voltik, ez deskargarik. Ez ikaslerik. Zu baino ez, irakaslea. Irakaslea izan barik. Zu, subjektu esperimentala. Zu baino ez, beti. Laborategiko jende guztia ari zen zure aurka azpijokoan. Erantzukizunik ez. Aginduei jarraika. Amaieraraino segi. Ez zaizu errurik egotziko.
***
Egiazko esperimentu batez ari da Joyce Carol Oatesen poema. Ez dakit kasua muturrekoegia ote den analogiarik egiteko. Baina ezin izan dut saihestu subjektuarekiko nolabaiteko lotura sentitzerik. Bigarren pertsonaren erabilera izango da, agian. Edo igual izango da, momentu honetan bertan, munduaren beste toki batzuetan, jendea hiltzen ari dela. Momentu honetan bertan jantzita ditudan zapatilak eskuak larrugorritan dituen umeren batek egin izana. Hau idazteko erabiltzen ari naizen ordenagailuaren plaka ustiapen kolonialaren bidez eskuratua izatea. Supermerkatuko produktuek entitate genozidak finantzatzea. Eta abar, eta abar.
Eta ez da nire errua, ni hemen jarri naute. Bizimodu hau agindu didate. Ez dut ezer egiterik.
Edo bai?