Bost jaki hauek zure dietatik kenduta, zure ikasketei lotutako lanpostu duina lortuko duzu. Egunero azalean produktu hau zabaltzen baduzu, jendea ez da zaharra zarela ohartuko eta, beraz, ez du jokatuko zeure kabuz pentsatzeko gai ez bazina legez. Egin ariketa sinple hau egunean hamar minutuz, eta utzi Hirugarren Mundu Gerra piztuko den beldur izateari!
Asmatutako leloak dira, baina uste dut ezagunak egingo zaizkizuela zentzuren baten. Etorriko zitzaizuen burura, adibidez, Tiktokeko azken modak gurtzen duen aurpegirako maskara, edo afaldu beharrean har ditzakezun barratxo eta irabiaki horiek.
Titularrak irakurtzeko gai izaten hasi nintzenetik aldatzen joan dira iragarkiek promesten zizkiguten ondorio miragarriak: duela hamar urte, helburua —emakume moduan gizarteratu bazintuzten, behintzat— ahalik eta argalena izatea zen, zure izterrek ez zezaten elkar ukitu, eta lepauztaietako hutsunetxoetan hamar txanpon bata bestearen gainean jartzeko tokia izan zenezan. Orain sabel gihartuak eta kamisetetako mahukak tenk jarriko dituzten bizepsak nahi ditugu. —Eta, esan gabe doa, berberak dira demonizatutako gorputzak—.

Hasieran aipatu ditudan arazoak konpontzeko hauts edo serumik oraingoz ez da existitzen. Ez dago formula magikorik laneko prekaritateari ihes egiteko, ez ondokoekin konektatzeko gako sekretua ezagutaraziko digunik. Ezta ere alokairu-etxe ordaingarri bat agerraraziko duenik gure herrian, ez egoera geopolitiko desegonkorrari aterabiderik emango dionik ere. Arazo errealak dira hauek, gure diziplina indibidualak konpondu ezin dituenak, edo sistemari konpontzerik interesatzen ez zaizkionak. Horregatik, askoz komenigarriagoa da besteetan zentra gaitezen, ezta?
Nire bizitzako urte eta erdiz, astean bost bat ordu eskaini nizkion elikadura nahasmenduak lantzeko terapiari. Talde-terapia zen oinarria, eta zentroan bazeuden nutrizionistak, psikiatrak eta psikologoak lanean, baina, batez ere, egiten genuena berba da. Gure artean, adituen gidaritzapean, eta banakako saioetan. Janariaz eta gorputzaz batzuetan, baina ez beti eta, are, ez batez ere. Gure egunerokoa zen hizketagai nagusia: ikasketak, bakoitzaren etxeko giroa, lagunekiko harremanak, ardurak, beldurrak. Geuk asmatutako arazo fikziozkoek estaltzen zituzten gatazka errealak argitara ateratzeko tokia zen. Geure buruari egitera ausartzen ez ginen galdera deseroso guztiei aurre egitera behartuak geunden bertan.
Eta, fikziozko arazoez ari naizenean, ez diot hargatik norbere gorputzarekiko gatazkek ez dutenik garrantzirik —galdetu, bestela, orain bost urteko Leireri—. Esan nahi dudana da, oro har, gatazkon benetako funtzioa gure kontrol-eremutik at dauden kontuei zentralitatea kentzea dela. Ez al da askoz errazagoa zure hanken forma gustuko ez duzulako arduratzea, bakarrik sentitzen zarelako baino, adibidez? Bigarrenak hala sentitzea eragin dizuten baldintzen analisia egin eta agentzia propioa duten eta, beraz, zelan erantzungo duten ez dakizun beste pertsonekin harremanetan jartzea eskatuko du. Lehenengoa, ordea, gimnasiora joanda eta arrautza-zuringoak janda konpon omen dezakezu.
Osasunaren izenean saltzen digutena gu distraitu eta gure bizitzaren gaineko kontrola dugula sinetsarazteko mekanismoa da maizenik. Ulertzekoa da gertatzen zaigunaren gaineko nolabaiteko eskumena dugula sentitzeko beharra edukitzea, baina erantzuteko modu hau ez da geure baitan bakarrik sortzen: sistemak elikatzen du, bere mesedetarako. Izan ere, epe luzean, zeinentzat da onuragarria mekanismootan murgilduta bizi gaitezen? Arazo errealek ez dute inora alde egingo. Eta, bitartean, astero sortuko dira «geure buruaren bertsiorik onena» izatera eramango gaituzten produktuen merkatu berriak. Eta agian disoziatuegi egongo gara gatazka interpertsonal edo politikoek eragin diezaguten, baina ez gara produktu eta errutinon esklabo izatetik urrutiegi egongo.
Inoiz entzun edo pentsatu duzue «gustura nago, baina ez naiz berandura arte geratuko kalean, bihar goizean bizikletan ibiltzera joan behar dut eta» modukorik? «Hobe ez badut lagunekin bazkaltzen, etxean prestatuko dudana osasuntsuagoa izango baita»? Sozializatzeak eskatzen dituen espontaneitatea eta nolabaiteko ezjakintasuna —finean, kontrolik eza— pisu bilakatzen doaz diziplinan oinarritutako bizimodua dugunean helburu. Horregatik, «norbere buruaren hobekuntza» eta «autozaintza» bakarka egin ohi ditugun jarduerekin lotzeak isolamendua dakar. Egunez egun, gero eta geure baitarago biziko gara, besteekiko konexioari lekurik utzi barik; are gutxiago benetan hertsatzen gaituena aldatzeko beharrezkoa den ekimen kolektiboari.
Honen helburua ez da hatza inorenganantz zuzentzea. Egongo da beharbada egunero gimnasiora doanik eta hamar skincare-produktu erabiltzen dituenik atzetik halako joerarik izan gabe. Baina nahi nuke, halako praktikei ekiteko beharra sentitzen dugunean, geure buruari galde egin diezaiogun zergatik. Zerk garamatza hau egin nahi izatera? Zer gertatuko da egiteari uzten badiogu? Zeren beldur gara?