Hasi berri da udaberria. Zuek hau irakurtzen duzuenerako ez da berri-berria izango. Baina oraintxe bertan hasi berri da udaberria eta loreek eta egun eguzkitsuek inoiz baino distirantagoak dirudite.
Urtero heltzen da apirila, aurrekoa baino are luzeagoa zirudien neguaren ostean, seguruenik, eta ohe azpitik ateratzen ditugu praka laburrak eta soinekoak. Gure gustukoena hautatu eta horixe jantzita ateratzen gara lehenengo egun benetan beroan, ilusio txiki batekin, berri-berriak balira bezala jantziok. Pasealdi luzeak egiten ditugu bide-ertzeko lilien koloreek entretenituta. Belar moztu berriaren eta petrikorraren usainek azala ernarazten digute. Txorien kantuak biziak dira aurretik inoiz entzun ez bagenitu bezala.
Martxo erdialdean, udaberria hastear zela, egutegiari begiratu eta konturatu nintzen asteburu bakar bat ere ez neukala guztiz libre. Ez ninduen harritu: urtero betetzen zaizkit martxotik eta, gutxienez, maiatz amaierara arteko asteburuak, konpromiso zuzen eta bazterrezinez ez bada, egin behar nituzkeen gauzez, eta, tartean, egin nahi nituzkeen baten batzuez ere bai.

Izan ere, udaberrian krimena da etxean geratzea. Bestela ere egon daiteke kriminalizatua, baina, eguraldi ona heltzean, inoiz baino gehiago, esango nuke. Astelehena da, eta gauzak dituzu egiteko, baina zelan ez zara aterako, egiten duen egunarekin? Apur bat, behintzat. Eguena da, eta dagoeneko ez du hainbesteko hotzik egiten; joan beharko duzu pote bat hartzera, ez? Hara, gaur zirimiria dago emanda, baina zapatua da eta bost gertakari kultural superinteresgarri dituzu autoan 45 minutuko diametroan. Ez zara, ba, etxean geratuko, ezta?
Udaberri gehienetan, hain zuzen, ni neu izaten naiz plan eta ekimen kulturalok antolatzen dituztenetako bat, eta besteak etor daitezen akuilatzen aritzen dena. Martxoan neukan egutegiak ere halako udaberria iragartzen zuen. Eta poztekoa da kultur giharra indartsu eta sozializatzeko hainbeste aukera dauzkan herri eta inguruan bizitzea. Kontua da norbera beti ez dagoela energiaz gihar horri pultsua egiteko.
Garaiok ere bagaramatzate dena izan, dena bizi nahi izatera. Gauzak egin nahi izatera, gero kontatzeko. Egun hartakoaren erreferentzia ulertzen ez duen bakarra ez izateko
Ezustean etorri ohi dira gorputzean sartu eta emozionalki drainatzen gaituzten gauzak. Espero gabeko zerbait gertatzen da eta suge baten larru zaharra bezala uzten zaitu. Edo gertakari txiki batek aurrez ere prekarioki eusten ari zintzaizkion ezinegon-oldea askatzen du. Eta, orduan, ez dago ezer agendari begiratu eta datozen bost egunetan bost ebento dauzkazula ikustea baino beldurgarriagorik. Ez dakizulako bihar etxetik ateratzeko beste indar izango duzun. Hori ezin da programatu.
Argia dirudi irtenbideak, bada: aldatu planak. Hain sinplea al da, baina? Segun eta zelakoak, segun eta norentzat. Edonork ez du aukera nahi duenari ezetz esateko. Lan-kontuak izan baitaitezke asteburutakoak ere, adibidez, edo ekimen militanteetan, askotan, esku-pare bakoitza delako ezinbestekoa. Baina, ahalmen errealaz harago, gehiago kezkatzen nau hautua baldintzatzen duen askatasun-faltak. Izan ere, gera zaitezke etxean, baina berdin sartuko zaituzte bazkari jendetsuak antolatzeko WhatsApp taldetan. Berdin helduko zaizkizu ekimenen kartelak eta, batez ere, sare sozialetan bazaude, berdin helduko zaizkizu udaberria aprobetxatzen ari den jendearen irudiak. Bizikleta-itzuliak brisara aurpegian, lehen hondartza-egunak, kristal iluneko betaurrekoak. Eta leihotik begiratuko duzu eta ez duzu jakingo zer den egin nahi duzuna eta zer egin behar zenukeena eta zer egin dezakezun ere. Hautua inoiz ez da askea.
Horrez gain, oraingoan arrazoi emozionalak izan dira planei ezezkoa ematera eraman nautenak, baina gehiagotan gertatu zait, lanez goraino egonda ere, denera joan nahia eta, amaierarako, fisikoki zein mentalki akituta amaitzea. Nire arazoa da, seguruenik: ez dakidalako gauzei ezetz esaten, dena nahi dudalako bizi, eta, bidean, ez diodalako neure buruari galdetzen behar dudana zer den, denak gainezka egiten didan arte. Baina uste dut ez naizela hala gertatzen zaion bakarra. Izan ere, garaiok ere bagaramatzate dena izan, dena bizi nahi izatera. Gauzak egin nahi izatera, gero kontatzeko. Egun hartakoaren erreferentzia ulertzen ez duen bakarra ez izateko.
Bada, suposatzen dut hori bizi izan duen edo bizitzen ari den ororentzat dela hau. Kolektibo gisa, darabilgun bizi-erritmoa geldoaraztea lortu bitarterako, gogorarazpen sinple bezain ahazterraz zenbait. Modu konprometituan bizi, baina pentsatu birritan konpromisoak hartu aurretik. Esan baietz ahal denetan, eta ezetz hala behar duenean. Eta, datak hurbiltzen diren heinean, galdetu zeure buruari aurreikusitako hori egiteko gogoz ote zauden oraindik ere. Ezezkoan, gehienetan ez zara izango guztiz ezinbestekoa. Eta benetako lagunek moldatuko dituzte planak zugatik; bestela, berriak egin. Lana bada mugatzen zaituena, egotzi erantzukizuna egitura ekonomikoei, eta aldaraz dezagun egoera. Baina, bien bitartean, hartu neurriak, ahal den heinean, zeure buruari eusteko. Eta, azkenik, artikulu hau argitaratzen deneko Leireri: espero dut, zauden tokian zaudela, lasai egotea egiten ari zarenarekin. Udaberria helduko da datorren urtean ere.