Leire Vargas 2
HAMAIKA ESKU BATEAN

Zahartzen ari naiz

2026ko otsailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zimur bat deskubritu dut kopetan. Bai, nire kopetan. Orain, nire islari begiratzen diodanero, hortxe dago zimurra. Hementxe.

24 urte bete berri ditut. Ez naiz inoiz denboraren joanak azalean utziko dizkidan arrastoez gehiegi arduratzekoa izan. Une batez izoztu nintzen zimurra deskubritu nuenean, baina ez hainbeste lazturaz, baizik eta zinezko harriduraz. Egia esan, ez nekien hain goiz hasten zirenik zimurrak ateratzen. Gero nire adin bueltako lagun zenbaiten argazkiak bilatu nituen Interneten, eta segidan bururatu zitzaidan beharbada azido hialuronikodun krema erosi beharko nukeela. Judelineren kantua etorri zitzaidan burura: «Ez dut nahi denborak aurrera egin dezan», dio. «Une honetaz pentsatuko dut, eta berriz gazte izateaz». Ni baino urtebete gazteagoa da bera, eta ez dut uste kopetan zimur bakarra daukanik.

Nondik dator gazte irauteko tema hau? Izan ere, kategorian bete-betean sartzen garenok ere bizi badugu, obsesioak gizarte osoa ukitzen duelako izan behar du. Nork ez du entzun inoiz gaztaroa dela bizitzako garairik onena? «Haiek denborak». «Diberti zaitez ahal duzun bitartean, gero dena izango baitira minak eta buruhausteak». Gaztaroa askatasunaren baliokide balitz legez; egunez egun mugatuago egongo balira legez gure aukerak.

Eta zahartzea, berriz, zertan datza? Zahartzea da gainbehera fisikoa, autonomia galtzea. Zahartzea da modak eta berrikuntzek agintzen dutena ulertzeko ezgaitasuna. Ingurukoentzako karga bilakatzea. Bizipenak sortzeari uztea, hil aurreko azken urteak nostalgiaz, atzera begira emateko. Zahartzea da, emakumeen kasuan batez ere, edertasuna galtzea.

Beste ezerk baino gehiago beldurtzen gaitu horrek eta, bestalde, ez gara gai zahartzaroa zehazki noiz hasten den esateko ere. Belaunak min ematen hasten zaizkigunean gertatzen da? Erretiroa hartzen dugunean? Edo lehenengo zimurra ateratzean? Azken hori bada, ni barruan nago honezkero.

Izan ere, une oro ari gara zahartzen. Eta, hala ere, ni neu ez naiz sentitzen atzo baino nabarmenki mugatuago. 50 urte dauzkadanean orain baino zaharragoa izango naiz, urruti izango dudan arren erretiroa (halakorik bada mende laurden barru). Oso desberdin biziko naiz 70ekin, 80rekin. Eta, era berean, nire adinkideen artean egongo da fisikoki, mentalki zein praktika aldetik nigandik oso desberdin dagoenik. Beraz, zelan hitz egin dezakegu zahartzaroaz aro zehatz eta homogeneo gisa?

Erretiroarekin lotzen badugu, zahartzaroa produktibo izateari uztearen baliokidea litzateke. Horrek azalduko luke zergatik 70 urte dauzkazunean dagoeneko ez duen merezi baliabide publikoak zure ongizatea bermatuko duten tratamendu medikoetara bideratzea, adibidez. Horrez gain, sistemari ez zaio interesatzen adinean aurrera egitea desiragarria izan daitekeenik pentsa dezagun, askoz baliagarriagoa baitzaio gure gorputza produktibo eta desiragarri mantentzeko saiakeran zoratu eta, bide batez, ongizate- eta edertasun-industriak elikatzea. Esan gabe doa zeinen kapazitista den ikuspegi hori.

Deskantsuaren inposaketa aipatu zuen Arantxa Urretabizkaiak Zahartzaroaren maparen bila liburua aurkeztean. Behin erretiroa hartuta, horixe baita erosoena inguruarentzat: geldi eman dezagun bizitza, ahalik eta espazio eta energia gutxien hartzen, baliabide publikoetatik batez ere. Norberak zer nahi duen, bost axola. Imsersoko irteeretara joan edo hirugarren adinarentzako gimnasia egin dezakezu, gehienez. Hortxe, zure adin taldekoekin, zure tokian. Zertarako sortuko dugu belaunaldiarteko elkarrizketarako espaziorik, zaharrak beste garai batekoak badira eta, beraz, ez badute zeresanik egungo munduaren inguruan? Mundu berean biziko ez bagina lez. Eta are gehiago: gaur egungora heltzeko bidea, seguruenik, gazte askok baino hobeto ezagutuko ez balute bezala. Hartu-eman hauek gertaraziko bagenitu, gainera, agian ikusiko genuke bizitza ez dela amaitzen zahartzaroarekin batera. Izan daitekeela zahar eta zoriontsu.

Orain gutxi ziostan lagun edadetu batek ez litzatekeela nire adinera bueltatuko, ez lituzkeelako urteen joanean ikasitakoak ezabatu nahi. Nik ez dut esango giharrak maskaltzeak ez nauenik beldurtzen, baina irrikatzen naute zimurrekin batera pilatuko ditudan bizipenek. Gogoz nago urteekin batera barneratzeko benetan zerk axola duen eta zerk ez duen merezi arduratzea. Liburu asko irakurri eta maite ditudanak hazten ikusteko. Gogoz nago, bizitza oso bat bizkarrean izanda ere, huts egin eta iritziz aldatzen jarraitzeko.

Merkatuak eta komunikabideek botere handia dute, baina guk ere markatzen dugu, gizarte moduan, zahartzaroarekiko dugun begirada. Gure esku ere badago hurbiltzea eta entzutea, galdetzea, eta espero denari erronka egiten dieten gorputzak babestea.

Egingo dugu ariketa sinple bat? Saia gaitezen zahartzea saihesteko mekanismoetara bideratzen dugun energiaren zati bat, behintzat, zahartzaro-eredu desiragarriak topatzera bideratzen. Fikzioan, gogora etorri zaizkit amorante frantsesari etxeko atea zabaltzen dion Agurtzane, eta Maspalomas-eko Vicente. Urretabizkaiaren liburu berria ere irakur dezakegu. Norbere ingurukoaz ez dut berbarik egingo, nik ere dena baitaukat ikasteko oraindik. Baina badakit ereduak egon, badaudela. Begira diezaiegun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA