Xoxoteko gailurrera igotzea ez da itsasertzean paseatzea bezala. Sasoi onean egon beharra dago azken aldapak arnasestuka eta izerdi patsetan ez igotzeko. Xabier Euzkitze lagun zuela, Kontxako pasealekuan balebil bezala igo zituen Jesus Egigurenek, igandeko arropekin gainera. Telebistaren mirariak.
Motxila Euzkitzek eraman zuen, eta barruan zekartzan ogitartekoek on egin zioten nonbait Egigureni.
Orduan esan baitzuen, Xoxoteko puntan hamaiketakoa egiten ari zirela, nazionalista dela. «Ni nazionalista sentitzen nauk. (...) Baina ez Euskadikoa, Euskal Herrikoa». Ogitarteko onak, inondik ere: «Euskadiko zentroa izanbehar dik Nafarroak» aurrena; «Espainia ez duk nazioa», gero.
Eskerrak Bisitaria saioa ez duten Tele5n edo ETB2n ematen. Ona saioa, ostegunekoa.
Gero, Aittola Zaharreko entsaladak eta oilaskoak ere ez zioten kalterik egin Egigureni: «ETA ez duk existitzen. Existitzen dituk presoak». Baina Frantziako Poliziak ETAko egitura militarreko buruzagia eta kaptazio egiturako burua atxilotu dituela entzun eta irakurri dugu aste berean.
Lehen berrietan, bi atxilotuak ETArako kide berrien bila ari ote ziren susmoa dagoela jakinarazi zuten hainbat kazetarik, baita informazioa bertatik bertara kontrastatzeko-edo Baionako polizia etxearen atariraino joandakoek ere.
Erakunde armatuak iazko urriaren 20ean ezer iragarri ez balu bezala, jardun armatua bukatutzat eman duen erakundea kide berrien bila aritzea munduko gauzarik normalena balitz bezala. Egitura militarreko buruzagia zertarako behar duen ere ez dago garbi,baina kaptazio egiturarena, gehiegitxo. Gero etorri dira ñabardurak, Rodolfo Ares sailburuak Jorge Fernandez Diaz ministroa errealitatera ekarri duenean. ETA kide berrien bila dabilela, Espainiako Barne ministroak; ETA horretan ez dela ari, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak; garrantzirik gabeko ñabardurak, ministroaren hitzetan.
Sinesgarritasun horrekin haizatu dute gero lehergailuak egiteko gaiak zeramatzatela Oroitz Gurrutxagak etaXabier Aranburuk. Kilo bat. Ezin jakin zer zeramatenautoan, baina barkatuko diguministroak sinesten ez baldin badiogu ETAko buruzagi militarra eta kaptazio arduraduna atentatuak prestatzenari zirela.
Garrantzirik gabeko beste ñabardura bat etorri da, bukatzeko: Gurrutxagari eta Aranbururi ETAko buruzagi izatea leporatzeko oinarririk ez dagoela adierazi du Frantziako Fiskaltzak.
ETA, izan, bada. AEBetako Estatu Departamentuak, esate baterako, jakinarazi berri du ez duela erakunde terroristen zerrendatik orain kenduko. Ez da desegin, eta ez da oraingoz desegingo.
Baina ulertzen zaio Egigureni esaten duenean ETArik ez dela orain, presoak direla orain. Bakea finkatzeko prozesuan arazo korapilatsuena, izan ere, presoena izan daiteke.
Arretaz jarraitu beharrekoak dira Espainiako eta Frantziako gobernuen adierazpen eta jokabide etsigarriak, baina baita presoenak beraienak ere. Ez da ustekabea EPPKn biltzen diren presoek ETAk urriaren 20an hartutako erabakia babestea: armak uztea erabaki zuen ETAk iaz, eta erabaki hori berretsi egin dute armekin aritutako presoek —eta jardun politiko hutsean aritutakoek—.
Historikoa izango zela aurreratu zuten ezker abertzaletik, presoen kolektiboak banakako irteerei oniritzia emango ziela zabaldu zuten hainbat hedabidek.
Azkenean, ordea, ez da adierazpena esplizituki halakorik aitortzera iritsi, horretarako atea zabalik utzi duen arren, prozesu osoan lehentasuna izan duen irizpideari euste aldera seguruenik: hobe poliki eta baturik, azkar eta zatiturik baino.
Handik eta hemendik
Hamaiketakoa Xoxoten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu