Gutun hauek, Martxelo, igandean plazaratuko dira, Pazko igandean. Zuen Aberri Egunean.
Azken hilabete ia osoan gertatu zaigun guztia bezala, imajinatzen dut egun bereziki arraroa izango dela, horrexegatik. Politikoki, kulturalki, sozialki. Hiriak hutsik, jendea etxean, batere jardun instituzional edo politikorik ez. Familiako ospakizuna, bertan behera. Tradizioak, etenda.
Egiaz, gutxitan ezagutu dugu oraingo hau bezain garai zailik, zeren, nahasmen politikoaz eta desastre ekonomikoaz gainera, heriotzak, heriotzek, beste gauza gutxik adina pisatzen baitute.
Ohitzen ari gara kopuruek gora eta gora egitera, eta espekulatzen dugu zer gertatuko den zifra batera edo bestera iritsitakoan, edo tuneletik ateratakoan, edo zeraren zera aurkitutakoan. Baina errealitatea da jendea hiltzen ari zaigula. Etengabe.
Hemen, besteak beste, Josep Maria Benet i Jornet hil zaigu aste honetan. Kataluniako antzerkiaren berritzaile handiena izan zen: jakin zuen XX. mende hasierako antzerkiaren iragan loriatsua eta frankismoko panorama etsigarria bateratzen, eta oinarriak ezarri zituen gaur egun antzerkia izan dadin gure herriko kultur sektorerik garrantzitsu eta erabakigarrienetako bat. Enric Sirvent ere hil da: Lleidako gizon horrek bihotzekoa izan zuen Urriaren Lehenean, autodeterminazio erreferendumean, Espainiako Poliziaren oldar batean. Sirvent estatu indarkeriaren aurkako sinbolo bilakatu zen, baina froga bat ere bazen, erakutsi baitzuen Espainia erailtzeko ere prest dagoela bere batasunari euste aldera. Jesus Fernandez hil da Aste Santuaren erdian, Valentziako Grau auzoko Setmana Santa Marineraren euskarrietako bat. Hil da Dolors Sala ere, Pep Guardiolaren ama. Baita beste milaka lagun ere. Milaka. Gehiegi.
ENBAXADA BILA
Heriotza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu