Hitz beste

Herriko plaza

Anjel Lertxundi.
2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Asteburuetan ere askotan ikusten dut gure etxe aurreko obran lanean ari den langile portugaldar bat. Herrian biziko da seguru asko, eta kalean edo herriko plazan elkar ikusten dugun aldiro, burua jasotzen diot agur esateko. Berak uzkurtasunez begiratzen dit, nire diosalak lotsatu egingo balu bezala. Bakartitzat neukan, bada. Lehengo batez, beste hiru langilerekin ikusi nuen hamaiketakoa egiten gure etxe aurreko obran. Solas-giro adeitsuan ari ziren lauak, nire ezaguna ere ez zen isiltzen. Paretik pasatu nintzelarik, portugesez ari zirela ohartu nintzen: babes-ahalmen guztiak gainetik kenduta ari ziren, Tras Os Montes-eko herrixkaren bateko plazan baleude bezalako naturaltasun osoz.

Eta pentsatu nuen hizkuntza baten plaza nork bere hizkuntza egiten duen toki horretantxe dagoela, hiztun batek hiztun-kideak bilatzen dituen munduko kantoi horixe dela herri baten plaza benetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.