andoni egana

Abala

2025eko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela hamazazpi urteko krisi hura heldu zenean, azalpenik errazenari heldu zion askok: «Ikusten zen bazetorrela! Izan ere, jendea bere aukeren gainetik bizi izan da, eta horrek ekarri du denak zart egitea». Errudun, orduan ere, jende xehea, bere aukeren gainetik bizi izan zelako. Ahots pentsatuagoek argitu behar izan ziguten hori ez zela horrela. Argitu ziguten, definizioz, inor ez daitekeela bere aukeren gainetik bizi. Norbaitek eskaini zizkiela aukera horiek. Jarri ziela amua, eta kosk egin zutela, hori bai, aukeraren arriskua sumatu gabe. Ikuspegi horretatik, amua jarri ziena zen sarraskia eragin zuena...

Herenegun iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak 18 eta 39 urte bitartekoek, lehen etxebizitza erosi nahi badute, Jaurlaritzaren abala izango dutela. Abal hori hipoteka ordainduko dela bermatzeko izango da. Eta ez da noski, etxebizitza osoaren abala ziurtatuko, zati batena baizik. Aukera dirudi. Baina aukera izatea beti ez dela ona duela hamazazpi urte ikasi genuen. Bueltan-bueltan, betikoek irabaziko dute eta betikoek galdu. Adarrak kimatzen ari gara, arazoa sustraietakoa denean.

Halere, norbaitek ongietorria egingo dio berme lerro berriari, gaurko asea biharko goseari lehenetsita. Horrelakoentzat bertso bukaera polita litzateke honakoa: «...Pradales gertu hobe ta ahal bada lagun, alaba abalatu dit, alaba dezagun!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.