Gustuko dut akatsa. Aizkoraren ahokoa denean, erabilia izan dela esan nahi du. Bere lana egin duela. Akatsa, adiera zabalenean hartuta ere, ederra da. Egin egin behar genuke akatsaren goraipamenen bat tarteka. Akatsak definitzen baikaitu.
Ia mende batez iraun ondoren, itxi egin dute Itxaropena inprimategi, eta argitaletxe ere izan zena. Bada mila arrazoi Itxaropena goraipatzeko. Euskal Pizkunde garai hartan izan zuen eragina; gerraostean hegoaldean euskaltzaletasunari bide eman izana; gerora, argitaletxeentzat egindako bidelagun lana… Niri, akatsa maitatzen erakutsi zidan Itxaropenak. Gure etxetik oso gertu zeukaten inprimategia. Herriko jende askok egiten zuen Itxaropenan lan. Eta senitartekoren bat ez bazen bertako langile, beti izaten zen lagunen baten senidea edo senideren baten laguna bertan aritzen zena. Eta akasdun liburuak —orri bat falta, ertzen bat ximurtua, ahapaldi lausoturen bat…— langileen esku geratzen ziren, eta haienetatik gureetara iristen. Akatsetik ikasi genuen edertasun idatzia miresten…
Joan zen igandean berripaper honek Itxaropenari buruz argitaratu zuen erreportajeko argazki batean ikusi nuen umetan hainbeste hunkitu ninduen L. Svenssonen Noni eta Mani liburuaren portada. Ez nekien itzulpena Plazido Mujikarena zenik. Orain jabetu naiz. Islandian barna heldu nintzen ni Hitzlandiara.