andoni egana

Alkahuetea

2025eko maiatzaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Arabieratik zetorren hitza, eta gaztelerak laister bereganatu zuen. Hasiera batean, amodio harreman zailak ahalbidetzen zituena zen alkahuetea. Azeri jokatzen zekien bitartekari bat. Gerora, hitzaren adiera zabalduz joan zen, eta alkahuete deitzen zitzaion sekretu bat gorde ordez kontu-kontari ibiltzen zenari ere.

Euskarak ere oso bere egin zuen hitza. Bigarren adieran nagusiki. Eta 1960tik aurrera grabagailuak arrunt bilakatzen hasi zirenean, bertsolariek fidagaitz hartu zuten demoniozko trepeta hura. Toki eta egun batean esanak beste egun eta leku batean entzun ahal izatea ez zitzaien oso bidezko iruditzen. Sudurra muzintzen omen zuen Uztapidek grabagailu bat aurrean sumatzean. Eta izendatu ere egin zuten, sosegua galarazten zien gailu hura. Alkahuetea deitu zioten, batzuentzat esanak besteentzat barreiatzen ibiltzen zelako.

Bertsolaritzaren eta adimen artifizialaren arteko harremanaz mintzo zen Jexux Mari Irazu asteazkeneko berripaper honen azken orrialdean. Egin beharreko gogoetak dira, «arrazoi ote degun, edo zer datorkigun…» inork ez daki eta. Plaza ez digu kenduko adimen artifizialak, azkarra izango da baina. Halere, plaza hesitzen saiatu beharko genuke, bai. Hau ez baita alkahuete hutsa. Hau bele bat da, puska guztiak harrapatzen dakiena. Eta belaki bat, dena xurgatzen duena. Geu bezalaxe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.