Elkarrizketa batzuk iltzatuta geratzen zaizkizu. Atzoko BERRIAn IDK Gipuzkoako saskibaloilari den Toch Sarri Imanol Magro Eizmendik egindakoa, esaterako.
Edozein eleberri edo filmen bizkarrezurra baino bihurriagoa eta interes handiagokoa iruditu zitzaidan bere bizitzaren kontaketa soila. Dakarren jaioa, saskibaloilari gaztetxotatik, Austriara jo zuen lehenik; handik Frantziara; Granada (Espainia) izan zuen hurrengo jomuga. Urtebetez, bisa bukatu zitzaiola eta paperak lortze aldera, zerbitzari lanak egin zituen irlandar taberna batean. Saskibaloian segitu zuen Gironan, Galizian... eta Donostian aritu da joandako zazpi urtean.
Bere ametsa saskibaloian profesionala izan eta amarentzat etxe bat egitea omen zen. Lortu du, latz lan eginda. Azken haurdunaldiaren bost hilabete egin arte jokatu zuen. Bikiak erditu eta 38 egunera jokatzen ari zen berriz. «Ni eta nire ahizpak beti amari begira bizi izan gara. Senegalen ama sakratua da. Nire bizitzan pentsamendu hori izan dut, amarengatik borrokatuko naiz, ez niregatik, amarengatik baizik». Ez omen du Donostian arrazakeriarik sumatu. Poztekoa da. Baina atzean zuloa guk ere. Neuk lehenengo. Kirolzalea naiz eta ez nuen Sarren berri. Beltzagatik ez bada emakumeagatik da.

HITZ ETZANAK
Amaren etxea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu