Gurasoek eraman gintuzten hara, Urbasara egun batzuk pasatzera joateko ohitura handia genuen eta. Erakutsi ziguten lekua eta kontatu ziguten haur belarrietara istorio zirudien Historia zati hura. Jesukristo gurutziltzatzera zihoazela Pilatok eskuak garbitu zituela erantzukizuna gainetik kendu nahian. Gauza bertsua egin zutela han frankistek gerra zibilean. Atxilotu zituzten errepublikazaleak kamioietan hurbildu, jaitsarazi, ihes egin zezaketela esan eta tiroka hasi, iheserako norabide bakarra utziz. Labarrerantz jo beharra zuten derrigor eta han amilduta hiltzen ziren. Orduan nintzen haur hari betirako iltzatu zitzaizkion lekua, izena eta bidegabekeria.
Askotan pentsatu izan dut transmisioan maiz huts egiten dugula. Hedabideetatik jakingo zuten Arantzadiren, memoria historikoaren eta gainerakoen berri, baina gurasoek gurekin egin zutena ez dut nik seme-alabekin egin. Urrutiago joan izan garelako? Ez genuelako hain urrutira atzera egin nahi? Ez dakit…
Pilatosen balkoia, tamalez, egunotan berriz izan da hizpide. Bikotekide ohi zuen haurraren amarekiko mendekuz, aita batek semea besoetan hartu eta jauzi egin du amildegira. Beldurra ematen dit garenak. Gizonezkoak gai baikara pietá bat modurik ankerrenean ulertzeko ere.
HITZ ETZANAK
Amildegia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu