Txorakeria dirudi, baina umetan banuen kezka «handitan» nire izenak inguruan sor zezakeen jarrerari buruzkoa. Umeren bat edo beste ezagutzen nuen izen berekoa, baina nagusi bakar bat ere ez. Pertsona helduari zegokion izentzat ez nuen jotzen nirea. Barregarri geratu behar nuen urteak bete ahala...
Oinarri handirik gabeko beldur horiek uxatuz joan ziren gero, berez, ahaleginik egin gabe. Oso ezagun egin ziren Zubizarreta futbol-atezaina, Ferreño telebista aurkezlea, Luis Aduriz sukaldaria eta beste zenbait. Helduaroan, izenagatik behintzat, disimuluan pasatzeko moduan nengoela jabetu nintzen.
Hauteskunde kanpaina hau heldu den arte. Rajoyren neskatila entzutetsu haren pareko sentitu dut neure burua. Sustoa hartzen dut, nire izena ahotik ahora baitabil, denak Andoni gora eta Andoni behera. Handia egin du Bizkaiko ahaldun nagusiak Barakaldoko arrain-saltzaile tokaioa aipatu duen eran aipatzean! Ongi dago langile fina izatea, eta bi aldiz pentsatu gabe lanari heltzea eta bizimodua nola edo hala ateratzen ahalegintzea. Hain ongi ez dagoena da hori derrigor egin beharra nolabait bizitzekotan. Eta agintariek, norbanakoaren lanerako grina txalotu baino gehiago egin behar dutena da, horrelakorik gerta ez dadin baldintzak ipini.

HITZ ETZANAK
Andoni
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu