Paella lehiaketa; herri-krosa; abesbatza; auzoko festak; Bibliaren irakurketa egiteko taldea; herriko jaiak; txakolinaren eguna; sagardoarena; ardo nafarrarena; buruhandi eta erraldoien erakustaldia; irakurzale taldea; hasi berrientzako bertso eskola; zeramika tailerra...
Badakit herria horrelako ekimenez ehuntzen dela. Baina nire onetik ateratzen nau ekimen horien iragarpenean, oinaren oinean, bukaeran, «Animatu zaitez!» irakurtzeak. Hori idazten duenak ez du dudarik egiten bere ekimenaren ontasunaz. Pentsatzen du zu ez bazoaz animo kontu soila dela. Eta ez da beti hala. Gerta daiteke animo kontua ez izatea. Ez duzu nahi eta kito. Baina animatzailea tematia izaten da berez, dudarik ez duen oro bezala, eta ez du horrelakorik ulertuko. Animatzen segituko du, falta zaizuna bere bultzada dela sinetsita. Enpatia hitza hitzetik hortzera darabil, baina apatia arrotz zaio. Ez daki apatikoaren lekuan jartzen.
Herenegungo berripaper hau irakurri zuenak ulertuko du. Gerta daiteke, gure erietxe publikoetako atarian Elizbarrutiaren txartel batekin topo egitea. Honelatsu lioke: «Eri arin zein larria bazara... hilzorian bazaude... berriketaldi bat, errezo batzuk edo azken igurtzia nahi baduzu... beti izango duzu apaiz bat eskura. Animatu zaitez!».