andoni egana

Argitaratu

2025eko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Marguerite Yourcenarri zor diogu esaldia: «Ezerk ez ditu pertsonak elkarrengana biltzen, elkarrekin izua pasatzeak adina».

Sare elektrikoaz, haiek erabat estatalizatzeaz, energia burujabetzaz edo energia berriztagarriez aritzeko ez da jenderik falta izango. Niri, itzalaldiak, idazle belgikar-frantziarraren aipua ekarri dit gogora. Izuak izugarri batzen gaitu. Eta ez naiz ari aireportuetan luzaroan zain egon behar izan dutenez edo tren geltokian orduak eman dituztenez. Hori asperra da, ez izua.

Ari naiz, teleaulki batean, ohatze elur zuria, zintzilik geratu zirenez; Igeldoko montaña rusan geratu zirenez; metrozulo ilunean geratu zirenez; Eibarko igogailu publiko batean geratu ziren ume eta helduez. Talde horiek irudikatu ditut, izuturik, baina elkarri babesa eskainiz. Eta izua uxatzeko sei-zortzi-hamar lagunen artean Dekameroi txiki bat eginez. Istorio bat kontatzen hasi da bata; bere gustuko kantua abestu du bigarrenak; hirugarrenak pasadizo bat kontatu du; laugarrenak amari ikasitako ipuin bat… Ordu batzuen buruan atera dituzte atakatik. Elkarrekin izua pasa izanak betirako gotortuko du euren arteko harremana. Batek proposatu du elkartzen segitzea. Bakoitzak bota zuen istorioa, ipuina, kantua… txukundu eta biltzea izango dute lehen helburua. Itzalaldikoa argitaratzea ere ez legokeela gaizki erabaki dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.