Ezagutzen dut emakume bat, arrunta esan dezagun, konfinamenduko lehen astelehen hartan, martxoaren 16an, lanera joan behar izan zuena. Ez joateko deirik ez zeukan eta joan egin behar izan zuen. Trenez abiatu zen lan egiten duen hiriburura. Geltokian egin zuen topo agintarien lehen hanka-sartzearekin. Trenen maiztasuna erdira murriztu zuten, eta, ondorioz, ordu jakin batzuetan trenak jendez gainezka zebiltzan. Lantokira iritsi eta betikoak aurkitu zituen han, zer pasatzen zen jakinean baina ezer pasatuko ez balitz bezala, nagusien aginduen zain. Ez zen etxeratzeko agindurik iritsi.
Haserretu egin zen emakume arrunta. Bazekien lankide gehien-gehienen lana ez zela ezinbestekoa. Eta berak hartu zuen, eguerdirako, erabakia. Bere opor egunetatik batzuk jan, eta etxera itzuli zen. Joango zen lanera abuztuan edo. Arantxa Tapia andereak ulertzeko moduan esanda, ez zegoen prest asteburuan bi egunez egin zuen itxialdiaren inbertsioa bertan behera gera zedin. Besteok ulertzeko eran esanda, ez zuen nahi bere burua eta ingurukoak kutsatzeko arriskuan harat-honat ibili.
Gerora jabetzen zara emakume arrunt horrek bi asteko aldea kendu diola Pedro Sanchez presidenteari. Urkullu lehendakaria, berriz, tropel nagusiaren oso atzetik iritsiko da.

HITZ ETZANAK
Arrunta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu