andoni egana
HITZ ETZANAK

Behiak

2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lehen pasartea. Joan zen gure adiskide bat Kaliforniara hango gizon euskaldun eskuzabal batek gonbidaturik. Abokatu da lanbidez gizon hori, entzutetsua, baina etxalde bat ere eraiki zuen, behitegi bat, semearen nahia bertan lan egitea zelako. Egin dute bisitaldi bat behitegira. Izugarria: hiru mila behi. Eta gure adiskideak, konfiantza tarteko eta irribarre bihurriz, bota dio: «Hik azkar fama daukak, baina... nik uste baino tontoagoa igual izango haiz. Hiru mila behi? Guk hirurekin asmatu diagu beti bizitzeko adina egiten!».

Bigarren pasartea. Eraman die alabak erosketa poltsa betea itxialdian dauden gurasoei. Gerra garaian oso ume ziren gurasoak. Ogi zuririk nahi hainbat inoiz izan ez zutenak. Tomatea entsaladan jaten eta ura edaten oso gerora ikasiak. Hustu du poltsa sukaldeko mahai gainean. Gurasoak eskerturik, jakina. Baina... jogurtak ez dira beraiek erosten dituzten marka berekoak! Lastima. Ez diote garrantzi handirik eman horri, baina oharkabean ere ez zaie pasatu... «Egon eta bon-bon», biak aldi berean egin litezke orain.

Nekez izango gara itxialdiaren ondoren bestelakoak. Jogurten markarenak adierazten du hiru milara ohitu garela eta hirurekin konformidadea lortzera itzultzea ez dela batere samurra izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.