Dirudienez, txirrindulari karrerak antolatzeko zailtasunak gero eta handiagoak dira. Karrera txikiak; txikien karrerak, kadete, gazte, afizionatuenak... Oinarrikoak. Oinarrizkoak. Gero eta debeku gehiago, gero eta paper eta aseguru premia handiagoa... Boluntarioen lana ere zailtzen ari da. Urteetako historia duten karrerak bertan behera geratzeko arriskuan daude. Eta planto egin dute antolatzaileek. Eta protesta ekitaldiak.
Xextraren ondorioz, bi-hiru esaldi iritsi zaizkigu, belarriak tentearazten dituzten horietakoak. «Txirrindularitza kate bat da, hasi umetatik eta profesionaletan bukatu. Alferrik arituko gara pedalei eraginez, katea hautsita badago». Arloari dagokion metafora polita. Beste honako hau ere entzun dut. «Ongi dago Frantziako Tourraren irteera Euskal Herrira ekartzea. Tropelean euskal txirrindulariak izatea ederra da. Baina hori ez da gauetik goizera lortzen. Ezin dizkiozu Amazoni goi mailako hamabi txirrindulari eskatu». Hirugarren esaldia minagoa da: «Tourreko zuzendariari Bilbon harrera egitera joan zitzaizkion pertsona haiekin bakarrik ere, bertan behera geratuko den Beasaingo karrerakobidegurutze guztiak eginak geneuzkake». Horixe baino ez gara. Argazkian denok egon nahi dugu; bidegurutzean, ia inork ez.

HITZ ETZANAK
Bidegurutzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu