Badira gauza ederrak eta badira gauza itsusiak, nahiz eta guztiok ez garen bat etorriko zer den eder eta zer itsusi. Niri, esaterako, lekuren batzuk ez zaizkit konponduegiak gustatzen. Tokiren batzuk eskatu egiten dute gainbehera bistan izatea. Huntzak jandako horma arre bat goiz langartsu batean... ez berrituta hobe da ia.
Itsusia da, niretzat, zenbait eskelatan ikus daitekeena. Ez naiz poematxoaz edo bertsoaz ari. Ez-ta lauburu, eguzki-lore edo arranoez ere. Ari naiz zenbait kasutan hildakoaren argazkiaren ondoan azaltzen den logoaz. Batik bat logo hori enpresa batena bada. Izango zen zendua enpresa horretan nor. Hitzekin aski zatekeen, ordea. Hildakoaren argazkia eta azpialdean Tejabanas Gaizka edo Gorka lurrin-denda logoa jartzeak ez dio mesederik egiten inori.
Jakin berri dut, eta itsusikeria bat lekarke gauzak ongi egitera. Datorren urtetik aurrera futbolean penaltiak zuzenean sartu beharko dira. Aldaratzearen ondorengo ezerk ez du balio izango. Huskeria dirudi, baina hori hala bada, area handietako zirkulu erdia kendu egin beharko dute, zirkulu erdi horren funtzio bakarra aldaratzearen zain dauden jokalariak aski urrun egotera behartzea baita. Eta ezer ez da berdin izango borobiltasunik gabeko futbol-zelaietan.

HITZ ETZANAK
Borobil
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu