andoni egana

Borondatez

2025eko maiatzaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskarak, gaztelerak ez bezala, bi hitz baditu. Batak jaiotzatik hil bitarteko pertsonaren gorabeherak biltzeko balio du: bizitza. Besteak bizitza bukatzen den une jakina adierazten du, eta ez daiteke heriotzarik gabe uler: bizia. Bizitza joanekoa da beti; bizia, braustakoa, azken arnasarekin joaten dena. Ez dakit egun euskal hiztunetan zenbatek bereizten dituen bi hitzak… Tratu txarrak jasan eta azkenik bikotekideak eraildako emakume baten hilarrian jartzeko moduko esaldia iruditzen zait: Bizitza hustu zidan; bizia ostu

Euskaraz biak bereiztea ez da inola ere arrazoi nagusia izango, baina jakin berri dugu Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan Espainiako beste erkidegoetan baino aurretiazko borondate agiri gehiago egiten dela nabarmen. Bizitzarik ez denean merezi al du biziak? Erantzunak erraza dirudi. Noiz uzten dio bizitzak bizitza izateari? Horrek zailagoa ematen du…

Datu bat bada deigarria bezain espero izatekoa. Aurretiazko borondateen agiria egin dutenen artean, 66-67 urteko emakumeak dira, proportzioan, gehien. Ez dago oso azti jokatu beharrik arrazoia asmatzeko. Zaintza lanetan arituak dira, batzuk ogibidez eta ongibidez gehienak. Larruazalean nozitu dute zaintzaren lan-zama; erabakiak hartzerakoan bakarrik sentitu izan dira. Ez dute nahi hogei urte barru egoerak bestaldean jar ditzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.