Tarteka, pipertu egiten zen. Halakoetan, mahaiaren jiran, luzaroan eztabaidatzeko gai zen. Eta eztabaidagaia askotan izaten zuen euskara. Nola esaten zen halako eta nola esan behar litzatekeen; nola esaten genuen beste halako eta zein zen ordezko egokia. Maite zuen maite, une oro mihian zerabilen hura, eta begirune handia zion.
Ez zen euskaltzaina («osoa ez behintzat!», egingo zukeen bizkor bere buruari buruzko txistea). Ez zuen goi mailako ikasketarik. Baina bazuen sena hizkuntzari dagokionez. Argi sumatzen zituen hitz eta esamoldeak eta gure argitasunik ezak min ematen zion.
Irakurri berri dugu Desagertuta telesaila euskaraz estreinatuko duela astelehenean Primeran-ek. Irribarrea ostu dit oroitzapenak. Jontxo! Desagertuta! Bi metroko gizona jartzen zen aditz madarikatua entzute hutsaz. «Desagertu? Zertan ari gara? Euskaraz ez duk sekula santan desagertu esan! Ezkioko Ama Birjina egingo huen agertu eta desagertu. Baina gainerakoan zertara zetorrek desagertu? Esan ba galdu. Edo ezkutatu. Orain eguzkia ere ilunabarrean desagertu egiten duk!». Bazituen eztarrian pasa ezineko hitz jakin batzuk. Eta horietan, trabeskaen zeukana desagertu zen. Halakoa (ere) bazen Lazkao-Txiki. Gazteentzako telesail batek ekarri dit zaharra gogora. Hogaita hamabi urte joan dira hil zenetik (desagertu jarri izan banu akabatuko ninduke).