andoni egana

Diogenes

2025eko otsailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan zen astean Donostiako erdiguneko etxebizitza batek su hartu zuen. Ez zen huskeria izan. Zenbait bizilagunek etxetik kanpo egunak eman behar izan dituzte. Su hartu zuen etxebizitzara iritsi zirenean, suhiltzaileek sartzeko ere lanak izan zituzten. Zaborra mukuru. Eta herritarren ahotan bolo-bolo ibili da esamoldea. Bertan bizi zen pertsona edadetuak Diogenesen sindromea zuen. 

«Mekauen Dio…genes!», irten zitzaidan haserre. Ez da justua sindrome horri filosofoaren izena jarri izana. Egia da Diogenesek eta sindrome hori duten pertsonek badutela antzeko ezaugarririk: gizarte ohituren ihes ibiltzen dira; norbere buruari ez diote jaramon handirik egiten; bekozkoz eta bakartuta ibiltzen dira jendartean…

Baina etxean, inongo zentzurik gabe, objektuak eta zabor poltsak pilatzen dituztenek, Diogenesek egiten zuenaren justu kontrakoa egiten dute. Haren filosofiaren ideia nagusia baitzen ezeren beharrik ez duenari ezin zaiola deus kendu. Atenasen bizi zen, aterpe bakartzat upel handi baten ahoa. Hirian zehar ibiltzen zen, makulu bat, bizkar zorro bat, manta bat eta edalontzi bat baino ez zituela. Eta egun batean, ume bat esku ahurrak gakotuta haietatik ura edaten sumatu zuenean, edalontzia ere harrika bota zuen, ez zuela behar jabetu zelako. Horrelako diogenesaldi bat ez litzaiguke gaizki etorriko askori…

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.