andoni egana
HITZ ETZANAK

Edukiak

2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Umetan ikasten da txorikume bat eskutan edukitzen, atea irekita edukitzen, aitaren antza edukitzea zer den, zer den dirua eduki edo ez edukitzea, zer den lotsa eduki edo ez edukitzea, galtzerdiak ahal dela pareka eduki behar direla... Batxilergo garaian ikasten da berriz «eduki!» erantzuten, musean trebatzen aritu ahala. Mila adiera ditu hitz berak, eta horietako asko geureganatzen ditugu ia berez.

Eduki-k substantibo gisara zer esan nahi duen ulertzen hasteko, ordea, behar dira irakurraldiren batzuk, ikasketa zenbait edo zer edo zer. Eduki substantiboa hitz jasotzat geneukan duela gutxira arte. Baina iritsi ziren jijiji jajajako telebista programak. Eta hor eduki edozeri deitzen hasi ziren. Programara eduki bat ekartzea da honako eta halako elkarri musuka ikusi omen dituztela kontatzea. Eduki bat ekartzea da honakok halakori dirua zor omen diola salatzea. Eduki bat ekartzea da... edozer. Eta hain kontu axalekoak eduki badira, zer ote da benetan eduki litzatekeena?

Netflixeko edukiei buruzko zerbait irakurri berri dut. Ez dago gaizki. Ez dit belarrira halako minik eragiten. Baina pista bat: gure amak bertako serieei, «pelikula txikiak» deitzen die. Bizitza ederragoa da gauza bakoitza modu desberdinean izendatzen asmatzen badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.