Ahozko helegite bat luzatu nahi nizuke. Epaile jauna, jokoz kanpo zegoen, arranopola!». Horrelako zerbait espero al zuen? Horren beldur zen? Ez zuela ulertuko? Ulertzen ez dugunak zergatik ematen digu beti beldurra?
Idiazabal eta Elgoibarko ordezkariak bote lasterrean harrapatuko zituen partidaren aurretik epaileak emandako aginduak, eta ezin izango zuten adarra nondik nora jo pentsatu ere egin. Ulertzekoa denez, harridura eta haserrea nagusituko zitzaizkien eta horiek ez dira lagun onak bihurrikeria eraginkorrak prestatzeko. Denborak eman didan abantailarekin, nik, euskaraz ezin bazen ea arabieraz, ingelesez edo frantzesez mintza zitekeen galdetuko niokeen epaileari. Erantzuna ezezkoa izatera, jokalariei agindua emango niekeen: «Partida hasi ahala, zoazte epailearengana, eta bota aurpegira 'elebakar halakoa'! Kanporatzen bazaituzte, partida amaierako aktan iraina zein izan den zehaztera behartuko dugu». Elebakarra. Espainiarrentzat ez da irain, hizkuntza bakar hori gaztelera bada.
Berak uste baino ezjakinagoa da epailea. Hegoaldeko zelaietan behintzat, nik beti halatsu entzun izan dut, jokalaririk euskaldunenen ahotik ere: «Arbitro, fueradejuego, ostia!». Eta ez da hori ulertzen ez duen gazteleradunik.

HITZ ETZANAK
Elebakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu