Elementu kimikoena ez zen zerrenda atorrante bat baizik. Bestela azaldu izan baligute, bestelako arreta eskainiko geniokeen. Esaterako, wolframa edo tungstenoaren isolatzearen historia. Elhuyar anaiak, Espainiako Karlos III.a erregea, haren Itsas-ministroa, Bergara eta «Real Sociedad Vascongada de Amigos del País», gerrarako kanoi hobeak egin nahia, horretarako abian jarritako espioitza lanak...
Elementu kimikoak ez dira, nonbait, zerrenda soila, azterketa egunerako esku-ahurrean apuntatu, eta lehenengo garbialdiarekin deusezten direnak. Guda sasoiekin eta gudarako erabilpenarekin du zerikusia zenbait elementu kimikok, eta hori ez da eskuak behin garbituta ezabatzen. Oraindik ere, AEBetako Gobernuak wolfram erreserba bat gordetzen du beti, eta ez da bonbilla-hariak eta boligrafo-punttak egiteko izango.
Orain, Mendebaldeko Sahararen Itsaso zatia ere bere egin nahi du Marokok. Arrantza kontuak baino areago, urpeko lehengaiekin du zerikusia jabetza interesak. Bereganatu nahi dituzten uretan omen daude munduko telurio eta kobalto erreserba handientsuenak. Eta Espainia tartean. Garai batean, Francoren Gobernuak Hitlerri wolframa bidaltzen zion. Ordainetan, 12 tona urre eta 4 tona opio jaso omen zituen. Urrearena ulertzen dut...

HITZ ETZANAK
Elementuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu