andoni egana
HITZ ETZANAK

Elipsia

2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Santa Luzia edozein ez zela sumatzen nuen. Han azalduko da gure esaera zaharretan—Santa Luzia, eguna motz eta gaua luzia—, han gure ganadu-ferietan eta, batik bat, han bere askotariko zaindaritza lanetan. Itsuen zaindari dela jakineko kontua da. Jostunen zaindari ere badela gehienek jakingo dute. Orain jakin dut nik, zenbait lekutan argazkilarien zaindari ere badela. Eta gidariena. Eta kristalgileena. Eta baita idazleena ere.

Hainbeste zaintza-lan bere gain hartzen dituenak bat gehiagorengatik ez duela asko sufrituko, eta elipsiaren zaindari izendatuko nuke Santa Luzia. Elipsia: eza. Gabetasuna. Zerbait ezkutatuz, dena azalduz baino gehiago lor daitekeela frogatzen duen figura erretorikoa.

Santa Luziak kargu berria errazago onar dezan, itsu baten adibideaz joango natzaio. Zuloagaren Arratekoa hain aipatua izan den egunotan, hurbilagokoa zait niri Pedro Mari Otañorena. «Mutil koxkor bat, itsuarreko, zuela aldamenean, gizon burusoil, bizarzuri bat, bi makuluren gainean...». «Itsuarreko gisara mutil koxkor bat bere aldamenean harturik, bi makuluren gainean zebilen gizon bizar zuridun burusoil bat...», esango genuke gaur, onenera ere. Santa Luzia, egiguzu lagun, bataren eta bestearen arteko esanindarra bereizteko adina sena izaten segi dezagun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.