Aspaldi joan zen ardura publikoetan pertsonarik prestatuenak, zintzoenak, tenplerik onenekoak… aritu behar zutela sinetsi genuen garai hura. Besterik erakutsi digu errealitateak, temati. Horregatik, niri behintzat, haserreaz gain ezer gutxi sortzen dit Abalos, Cerdán, Alzorriz… eta enparauak zertan ibili diren jakiteak. Jakin-min handiagoa pizten dit res publica-ra emana egon gabe, mamu enpresak enpresa mamu bihurtuz, politikariekin konpontxo egin eta sakelak bete-bete egiteko trebetasuna eta nahia duen jende arrunt horrek. Esaterako, Joseba Antxon Alonso elgoibartarrak.
Nik han egon nahiko nukeen —nahiz ez naizen elgoibartarra eta ez ditudan 60 urte—, duela hilabete eskas Elgoibarren egin zuten kinto-bazkari hartan. Herritar kintoen aurrean asko isildu zuela segurua da. Baina horrez gain, otordu garaian eta ostean asko hitz egin zuen? Zertaz? Pasadizo soilez? Umetako eta gaztetako oroitzapenez? Sumatu zitzaion animoan zirrikiturik ala papar-puztu azaldu zen une oro?
Jakineko kontua baita horrelako kinto edo ikasle ohien bileretan guztiok bihurtzen garela Real Madrid TV. Hots, bizitzan zehar irabazitako partidak bakarrik kontatzen ditugu. Irabazitako partiden kontakizuna gustura entzungo nukeen bere ahotik. Hitz horietatik gehiago ikasiko genuke giza izaeraz, entzun ditugun grabazio narrasetatik baino.