Cifuentes anderea gezurretan harrapatu dute eta xextra sortu da. Ciudadanos taldearen eskuetan zegoen nonbait irtenbidea, eta «bide murtziarra» hautatu dutela entzun dugu behin eta berriz. Lehen entzunaldian ez duzu ongi ulertuko, baina segituan jabetuko zara zertaz ari diren. Murtziako presidentea bere kargua uztera behartu eta bere lekuan beste bat jarriz konpondu zen erkidego hartan sorturiko afera. Baina duela urtebete soilik izan zen hori! Eta urtebetean esamoldeak bide egin du. Handiak bai sortua aisa zabaltzen!
Hegoaldeko euskaldunon belarriek «defensa numantziarra» entzun eta zertaz ari diren badakite; «gau toledarra» entzun eta badakite begirik bildu ezinda emandako gaua dela; Villadiegorantz abiatzea ihes egitea dela jakitun dira eta Ubedako mendilerroan barna abiatzea hizpidea saihestea dela sumatzen dute.
Hizkuntza gutxituetan aritzen garenontzat lan nekezagoa da erreferentzia komun horiek esanindarrez erabiltzea. Baina guk ere badugu gure tradizioa eta gure sormena. Maltzagak, esaterako, egin du bere bidea, noraino eta norekin adierazteko garaian. Ormaiztegi, Segura eta Zegama edota Getaria badira zerbait guretzat. «Cristina Cifuentes Getariatik etxera bidean harrapatu dute» oso guretik sortua litzateke...

HITZ ETZANAK
Esamoldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu