andoni egana

Eskuz

2025eko uztailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Goizeroko kafea hartzera irten, eta pasadako jendeari begira geratu natzaio. Askotan bezala. Baina gaur garunak ustekabeko bidezidor bat topatu du, eta jendea bitan banatzeari ekin diot. Badakitenak eta ez dakitenak. Honek badaki; hark ez. Hango emakume hark, adinagatik, ez. Beste hark bai. Horrela entretenitu naiz —denbora hutsarteak betetzeari deitzen zaio entretenimendua, eta egungo gizartean hutsarteak gehiago dira betealdiak baino— goizean goiz Ainhoa Urienek bere lehen ipuin liburua, Ehun zaldi trostan, eskuz idatzi duela irakurri dudanetik.

Teknologiaz, muturreko teknologiaz, alfabetatze digitalaz... aritzen gara sarri, baina kontu xinpleagoak ere badira. Makinaz edo teklatuan idazten ez dakien jende asko da gure artean. Ez jakite horretan, adinak badu zerikusirik. Eta generoak ere bai. Eta baita klase sozialak ere. «Diruaren bila dabilenak ez dik makinan edo pantailan idazten!», bota zidan behin burlaizez ezagun batek. Hark zioen sos egarri denak aski dituela paper puntta bat bi lerro erdi eta hainbat zenbaki.

Ez da literatur bideetan murgildu nahi duenaren kasua. Hatz-kozkoa mintzeraino boligrafoari edo lapitzari heltzen dionak gauzak ongi egin nahi ditu. Eta beti uzten du arrasto bat, norberari etorkizunean baliagarri gertatuko zaiona. Pasarte hau katigatu egin zitzaion. Tatxoi gehitxo. Badaki hurrengorako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.