Ez dezaket data zehatzik eman. Baina aski kolpetik heldu zen aldaketa. Nonbait kokatzekotan, XXI. mendearen hasierako bi-hiru urteetan kokatuko nuke. Bagenbiltzan ordurako tarteka ikastetxez ikastetxe, hitzaldiak, txolarteak, elkarrizketak... burutuz, eta haurrei hitza emandakoan, bestelako galdera bat egiten hasi ziren. Ordura arte, «bertsolaria izateko zer egin behar da?» galdetzen zuten. Ordutik hona «famosoa izateko zer egin behar da?» galdetzen dute orobat. Berdin zaie aurrean dagoena bertsolaria, idazlea, mendizalea edo zientzialaria den.
XXI. mendearen hasiera alde hartan, oso gertukoa nuen ume batek hala galdetu zidan: «Andoni, zer egin behar da conosidua izateko?». Grazia egin zidan, eta aldi berean, matraileko moduko bat sentitu nuen. Ez dut gogoan zer erantzun nion, erantzunak, edozein zela ere, ez baitzezakeen galderak baino gehiago adierazi. Orain, hogei urteren buruan—tiktokerrak eta influencerrak zer diren badakigunean eta gaztetxo gehienen helburua horixe izatea denean—, erantzungo nioke ez sartzeko hankarik. Bizimodua modu anonimoan ateratzea baino gauza ederragorik ez dela. Bigarreneko B atekoak ze lanbide duen ere ez badakizu, beretzat seinale ona da. Ez dezakezu ez neurtu eta ez epaitu. Eta zure etxepe berean bizi da...

HITZ ETZANAK
Ezagunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu