andoni egana
HITZ ETZANAK

Fantasia

2023ko urriaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Greziar mitologian, Gauaren jainkosak, esposatu ostean, ondorengoak izan zituen. Ezagunenak, segur aski, hiru biloba: Morfeo, Fobetor eta Fantaso. Bakoitza berean espezializatu ziren biloba hauek. Morfeok loa erakartzen zuen;Fobetorrek, amets profetikoak eta amesgaiztoak eragiten; Fantasok bizia ematen zien, ametsaren baitan, berez bizirik gabeko gauzei eta pertsonei.

Fantasia hitza iritsi zaigu guri. Gauza handia da fantasia. Definizioari begiratu besterik ez dago. Fantasia da iraganeko eta urrutiko gauzak gaur-hona ekartzeko gaitasuna; ez diren gauzak gorpuztekoa; direnei, norberak desio duen itxura ematekoa. Fantasia hori guztia bada, onartu beharrean gaude mundua aldatzeko lan-tresna nagusi izan daitekeela...

Atzo jakin genuen Fantasia da! lelopean egingo dela bi hilabete barru Durangoko Azoka. Gustatu zait ideia. Gauaren jainkosaren hiru biloba horien artean Fantaso baitut kuttunen. Etaez pentsa kontu hutsala denik. Egun, gaua heltzean, Morfeo bihurtu da erreferentzia nagusi, Fantasoren kalterako. Oheratzean, eskuetan hartzen den liburu bakoitzeko ehun pilula irentsiko dira. Antsiolitikoen menpe gaude nonbait. Eta lokartzeko ere, munduko (m)orfidalik onena baino hobea da denik eta libururik lehorrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.