Duela dozena bat urte bertsolarion garunaren funtzionamendua ulertu nahian eskaner batean sartu eta probak egin zizkiguten hartan, bazen ariketa bat bereziki zaila. Kopla bat kantatzeko agintzen ziguten, gaia emanda. Gero, esaterako, m hizkiaz hasten ziren hitzak botatzeko zerrendan; ondoren, fruten izenak esateko ahalik eta gehien. Eta, halako batean, agintzen ziguten ezertan ez pentsatzeko. Horixe zen ariketarik zailena. Ez baita erraza ezertan ez pentsatzea, gelaz kanpoko pantailan zure garunaren gori-guneei begira adituak daudela jakinda.
Barebacking delakoa puri-purian jartzen ari omen da gazteen artean. Egunero garraio publikoa hartzen duen adiskide batek aitortu dit joera aldaketaz ohartzen hasia zegoela. Barebacking deitzen zaio, batik bat eskolarako edo lantegirako bidaian, inolako kanpo estimulurik ez hartzeari. Ez liburu, ez musika, ez irrati, ez sakelako... Bidaia dezala garunak. Bidaia dezatela begiek paisaiarekin edo arrotz baten begiradarekin topo egin dezaten. Hiperkonektibitatearen aurkako sendagaia da. Eta gazteek tentuz eta hunkiduraz heltzen diote, arriskutsua ere bai baita zeure buru biluztuarekin topo egitea, horretarako batere ohiturarik ez baduzu.
Nire adinkideek, seta belaunaldikoek, barregarri iritziko diote Z belaunaldikoen joera honi. «Hainbeste zeremonia, beti egin izan duguna egiteko!».