andoni egana

Gaztainak

2023ko azaroaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Fisikara jotzen dugu batzuetan. Duela urte batzuk modan jarri zen hitza erresilientzia izan zen. Objektu batek, behartu behartu egin, eta hautsi gabe bere lehengo izatera itzultzeko duen gaitasuna. Pandemia garaian, ulertzekoa denez, goia jo zuen kontzeptuaren erabilpenak. Azken batean, horixe zen pandemiak eskatzen ziguna. Behartu gintuen geureak ez genituen egoeratara, eta apurtu gabe, lehengoak izatera itzuli nahi genuen...

Fisikari beste kontzeptu bat ere ostu behar genioke giza-harremanei buruz aritzeko. Flotabilitatea. Objektu batek ur-azalean geratzeko duen gaitasuna. Patxo Telleriari eta Mikel Martinezi zor diet ideia. Kortxoaren dilema izeneko antzezlana jarri dute abian, eta kortxoarena omen da pertsonon flotabilitateari buruzko metafora. Pertsona batzuek, edozein garaitan, edozein egoeratan, gaur A eta bihar B, atzo gorri eta gaur beltz, ur-azalean geratzeko gaitasun hori badute. Badakite noren ondora jo ez hondoratzeko.

Ur-azalean eusteko gaitasuna ez da, ordea, berez on ala txar. Sara Agirre gaztaina saltzaileak badaki zerbait horri buruz. Gaztaina onak eta txarrak nola desberdintzen dituen galdetuta, horrela erantzun zion berripaper honi: «Uretan sartzen ditut; flotatzen dutenak txarrak dira, eta bota egiten ditut».
 

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.