andoni egana
HITZ ETZANAK

Geure onera

2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gutxienez bi lekutan irakur zitekeen erresilientzia hitza ostiraleko BERRIAn. Erresilientzia: materialei dagokienez, indar baten pean oker-oker eginda ere, indar hori gutxitzean bere lehengo egoerara itzultzeko gaitasuna. Pertsonoi dagokigunez, berriz, egoera makurren ondorioz, amildu edo etsi ordez, indarberritzeko ahalmena.

Eusko Legebiltzarrak klima aldaketaren herritar batzarra sortuko du klima aldaketaren eraginekiko «erresilienteagoa den Euskadi bat» sortzeko helburuaz. EH Bilduk ere ez du hitza arrotz. Euskal Eredua agirian, bost erronka aipatzen ditu, eta lehena subiranotasun estrategikoa indartzea da, «ahalik eta buruaskitasun handiena izatea prozesu sozioekonomikoetan, fenomeno globalen aurrean erresilientzia izateko». Hurrengo orrian, berriz, ez da erresilientziarik agertzen. Baina honakoa da erreportaje baten sarrera: «Bioterra 2022 planik erakargarriena izango da bizimodu jasangarria nahi duten guztientzat».

Argi dago nola ikusten dugun egoera. Oker-oker eginda gauzka klima aldaketak, globalizazioak, sistemak... Ez dakigu krak egingo dugun edo geure onera itzultzeko gauza izango garen. Hori bai: bizimoduri edozein lagun jarri. Txakurra, petrala, ederra, nekosoa, zikina... Baina jasangarria ez, mesedez!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.