Jolas txiki bat. Txikientzat jolasa. Eta helduontzat ere nobedadea. Hauts gorrixkaz beterik sumatu ditugu autoen kristalak, espaloietako erreten guneak eta balkoietako barandila gainak. Oso aldian behin gertatzen delako, eta urrutitik datorren zerbait delako da albiste kalima.
Hedabideentzat pagotxa. Argazki mordoa, gorrixka izatera iristen ez den brumaren pean atereak. Eta pandemiak eta Ukrainak alarmaren maila oso eguneroko bihurtu dutenez, maila horri eutsi nahia. Galderak pneumologoari: «Zer egin behar da pertsona bati arnasa hartzea kosta egiten zaiola ohartzen bazara?». «Hurrengo egunetan kontsultara jende gehiago joango zaizuela espero duzue?»...
Eta agintariek ere zerbait egin behar. Gomendioak eman dituzte oraingoan. Erne kirolarekin kanpoaldean; kolektiborik zaurgarrienak —arnasketa edo bihotzeko arazoak dituztenak, haurrak, edadetuak eta haurdun daudenak— kontu handiz zaindu; eta autorik ez hartu ahal dela, airea, lehenez gainera, ez narraste aldera. Galdera bati, pneumologoa izan gabe, neuk erantzungo diot: pertsona bat arnasa hartu ezinik sumatzen badugu, lagundu egingo diogu eta arta dezaten arduratuko gara. Gomendio bati ere bai: inor gutxik utziko du gaur autoa hartu gabe agintariek hala iradoki diotelako.

HITZ ETZANAK
Gomendioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu