andoni egana

Gora!

2025eko uztailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zortzi silabatan esanda indarra du esaldiak. Euskal Herrian bezala, mundu guztian halatsu. Beste hizkuntzatan ere zortzi silabatan esanak iltzatu egiten dira garunean, bihotzean, esamoldeetan, hizkuntzan...

Kontatu didate duela gutxiko kale istilu batzuetan bazirela ahotsak «Gora ETA militarra!» ziotenak. Anakronismoari buruzko adibiderik behar bada eskolan, hor daukate irakasleek bat begi bistakoa. Eta ez naiz hondoaz ari, azalaz baizik. Badira berrogei urte militarra ez zen ETArik ez zela. Eta halere zehaztu egin behar! Erredundantzia zer den azaldu nahi duen irakasleak ere etsenplu on bat du hor. Adjektibo epiteto bat zer den azaldu nahi duenak ere bai. Eta idatzizkoaren eta ahozkoaren arteko aldeak azaldu nahi dituen irakasleak, zer esanik ez. Hormatan ikusten baita oraindik ere Gora ETA soila. Idatziz bai. Baina esateko, eta batik bat taldean esateko, lau silaba horiek ez dira esanerrazak. Irakastekoak horrelatsu irakatsi behar direla sinetsita ere, nago, institutuan Historia edo Literatura irakasle banintz, ez nintzatekeela ausartuko. Ezinegona sortuko lidake klaustroak; beldurra ikuskaritzak; izua gurasoek...

Eta silaba kopuruaz soilik ari naiz! Zortzik badute lauk edo bostek ez duten esanindarra. Herenegun, ni baino gazteagoko emakume bati «Ama, nik bero!» entzun nion. Poztu egin nintzen. Bost silaba, eta halere biziraun du!

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.