Nerabezaroan sartzera zihoala, etxean esan zioten lehenik. Gosaltzeko fundamentuz eta ez pasatzeko hainbeste denbora sakelakoaren pantailari begira. Baina adin horretan gurasorik onena baino lagunik txarrena hobea denez, ez zien jaramonik egin. Berean segitu zuen.
Handik bi-hiru urtera, Institutuan jaso zuen agindua. Ez pizteko sakelakorik eskola garaian. Eta hitzaldi pare bat ere eman zizkieten gelakideei sakelakoarekiko menpekotasunaz, sare sozialetan katigatzearen arriskuaz, anonimatoa ez den anonimatoaz… Bereari eutsi zion. Nota on samarrak ateratzen zituen, eta ez zuen inork gehiegi estutu.
Orain aldatu da bat-batean. Ez du sare sozialetan lehen hainbat parte hartzen. Eta hartzen duenean, orokorkeriez aritzen da. Eguraldiaz hitz egiten du, eta ez klima aldaketaz; ez du nolabaiteko bideorik elkarbanatzen; herriko jaietako txosnetako argazkirik ez du igo aurten, eta dudan egon zen mendi ibilaldi batekoak igo ala ez. Noizbait errotu zitzaion ikasketak AEBetan egiteko grina hari Donald Trumpek jarri dio galga, herrialde hartara sartu nahi duten ikasleen sare sozialak miatu behar liratekeela esatean. Etxean eta eskolan, harriduraz eta pozik hartu dute bat-bateko jarrera aldaketa. Orain, oso noizbehinka harrapatzen dute pantaila batean teklei kalkaz. Eta fundamentuz ez, baina gosaldu egiten du. Goizero, beldurra.