Mojei buruzko definizio bitxi samarra: «Gozo-jendea saltzen duen jende gozoa». Beti gertatu zait harrigarri. Ez mojek gozokiak saltzea. Lehenengo jendea-ren hori baizik. Idatzirik nekez sumatuko duzu, baina ahoz aho, edadetuen ahotan batik bat, multzoa adierazteko beste modu bat da. Gure zaharrenek automobil-jendea, arratoi-jendea edo boligrafo-jendea aipatuko dizute pila eta aniztasuna azaldu nahi dutenean.
Beloradon, Burgosen, moja batzuk —klarisak— komentuan itxi dira protestan. Sakonean, sosak eta jabegoa. Komentu-eraikinen salmenta. Bat erosi, bestea saldu… Eta Vatikanoaren ezezkoa euren jarrerarekiko. Sektak. Heresia hotsak. Eskomulgazioak. Ez dutela barrutik telefonorik hartuko. Hartzeko. Negoziazioa premiazkoa dela. Sekulako saltsa. Eta euliak gozotara bezala, kazetariak komentuko atera. Eta garai berrien isla, agintari ofizialek esan diete moja protestariei gozo-jendea saltzen segi dezaketela online, baina inola ere ez burutzeko zuzeneko salmentarik. Umberto Ecotik baino gehiago du honek Monty Pythonetik…
Datu soila: azkenengo errenta aitorpenean Elizaren laukitxoa X batez marraztu zuten gipuzkoarrak %14 izan ziren. Garai batean baino askoz ere gutxiago. Gozoa egongo da Elizako agintari-jendea!