andoni egana

Haizea

2025eko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egokitzen ere badakigu euskaldunok. Eta ez naiz erdaldunekiko dugun harremanaz ari, geure artekoaz baino. Badugu euskara batua; baditugu euskalkiak; herritik herrira ere aldeak nabarmenak dira hizkuntzari dagokionez. Derrigor ikasi dugu non eta noiz ze euskara erabili. Ziburura joan eta nerabe ahoskera ezaxolaz «gogagolie ta batatasorru» eskatzen dituen azpeitiarrak badaki, horrela, nekez lortuko dituela cola freskagarria eta patata zorroa. Hizkera egokitzen saiatuko da, zinez lortu nahi baditu. Beharrak irakatsi digu non eta ze egoeratan ze hizkuntza modu erabili. 

Zenbaitetan, tokikotasuna azpimarratu nahi denean, geure-geureari eusten diogu. Tokiko hedabideak izan dira horren adierazle: Txaparrotan, Baleike, Noaua… gure inguruan. Tira… ulergarria da xede taldea zein duten aintzat hartuta. Baina beti sortu izan dit zalantza txokotasunaren eta txokokeriaren arteko mugak.

Beste batzuetan, ez dut batere. Energia berriztagarriei buruzko gogoetaldia puri-purian dabilen honetan, sakonenekoa ebazteko ezgauza segur aski, nire begiek azalera jo dute. Eta konturatu naiz Buruntza mendian hiru haize errota jarri nahi dituen enpresaren izena Mendiko Haizie dela. Mendikoa bai, baina haizie Buruntzan? Egoitza Bilbon duen enpresa horrek jator plantak eginez zabaldu nahi izango du negozioa. Lau haizeetara, jakina!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.